ZUZENDARIARI

Aurrekontuak onartu ondoren parte hartu?

Hondarribiko EH Bildu.
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hiritarren parte hartze prozesuak, oro har, prozesu arautuak dira. Hau da: herritarren eskubideak azaldu, erakundeen betebeharrak adierazi, prozedurak eta bermeak argitu eta xedeak zehaztu. Normalean, udal ordenantzen bitartez arautzen dira parte hartze prozesu horiek, ziurtatzeko oinarri demokratikoak eta herritarren eskubideak eta bermeak aitortu eta errespetatzen direla. Hondarribian ez dago horrelako udal ordenantzarik. Alabaina, Hondarribiko Tokiko Gobernua itxurazko hiritarren parte hartze modua egiten ari da 2022ko aurrekontuak osatzeko.

Agintekeria adibide argia iruditzen zaigu hori, edo, suabeago esatea nahi baduzue, paternalismo ariketen etsenplu tipikoa izan daiteke. Nahi bada, Tokiko Gobernuaren propaganda ekitaldi gisa ere ikus daiteke.

Hondarribiko Udalaren aurtengo aurrekontuak Tokiko Gobernuak aurkeztu zituen, aurrenik proposamen moduan, Ogasun batzordean. Batzorde horretan udaleko indar politikoek aukera izan zuten ekarpenak eta zuzenketak egiteko, gero Ogasun batzordeak, kontu hartzaileak, bere irizpena egin zuen, eta aurrekontuen proposamen hori Udalbatzara eraman zen.

Udalbatzak, jeltzaleen gehiengoz, oposizioko taldeen zuzenketa guztiak baztertu egin zituen eta, azkenik, aurrekontuak onetsi zituen oposizioko indar politiko guztien kontrako botoekin.

Bistan da Tokiko Gobernuak ez zuela lortu oposizioko inongo talderen babesa ezta abstentzioa ere. Parte hartzerik ezaren isla.

Hondarribiko Tokiko Gobernuak gure herrian burutu litezkeen bost proiekturen ideiak jaso ditu, gehienak oposizioko taldeek proposatutakoak eta EAJk aldez aurretik baztertuak, udaleko webgunean hiritarrei eskaintzeko haietako bat hauta dezaten.

Aurrekontuak jada onartuta daudenez, proiektu irabazlea finantzatzeko Tokiko Gobernuak, apirilean edo, kreditu aldaketa egiteko konpromisoa hartzen du. Nola-halako iruzur itxura hartzen diogu, iruzurra ez bada jukutria bai, Tokiko Gobernuak aurrekontu batzuk onartu eta, ondoren, kreditu aldaketen bitartez bere nahien arabera aldatzeko.

Pozgarria da jeltzaleen Tokiko Gobernua jabetzea herritarren parte hartzea sustatzea garrantzitsua dela. Aurreneko urratsa da.

Orain, falta dena da Hondarribiko udal ordenantzen bidez herritarren parte hartzea arautzea eta indarrean jartzea. Bien bitartean, hiritarrentzako onuragarriak diren proiektuak egin ditzala eskatzen diogu, eta ez bat, baizik eta aukeran eman dituen bostak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.