Kontatuko dudana lan-elkarrizketa batean gertatu zitzaidan. Baina hasi baino lehen, aurkeztuko naiz eta horrela testuingurua garrantzitsua dela ulertuko duzue.
Ni Ceutakoa naiz, 2008an etorri nintzen. Iritsi nintzenetik euskara ikasten hasi nintzen eta gaur egun C1 azterketa prestatzen ari naiz; nire lagunekin, bikotekidearekin eta abar, normalean, euskaraz hitz egiten dut.
Gertatukoarekin hasiko naiz. Lan elkarrizketa bat egiteko deitu zidaten. Donostian finkatutako erakunde sozial bat zen, eta haiek nire CVa zuten, nik bidali nielako. CVan argi utzi nuen euskararen B2 maila neukala.
Hara heldu nintzenean, beti bezala, bertako jendea euskaraz agurtu nuen, eta gero, erdaraz, beste bulego batera elkarrizketa egitera joan behar nuela esan zidaten. Arduraduna agertu zen. Berriro, gizalegez, euskaraz agurtu nuen, eta berak ni ere bai. Alabaina, elkarrizketa hasi zenean, erdaraz hitz egin zidan, nire CVan euskara B2 maila nuela agertzen zen arren. Berak Ceutakoa nintzela ikusi eta nire hegoaldeko azentua atzeman zuenean esan zidan: «Con ese acento tú de euskera ni pa-pa, ¿no?». Une hartan amorru handia sentitu nuen; alde batetik, curriculuma begiratu ez zuelako, eta, bestetik, aurreiritziengatik. Orduan, euskaraz, esan nion «nahi baduzu elkarrizketa euskaraz egin dezakegu». Gorri-gorri jarri zen; hanka sartu zuela konturatu baitzen. Hala ere, berak nahiago izan zuen erdaraz hitz egiten jarraitu, nik behin eta berriro kontrakoa eskatu nion arren.
Zenbat iritzi dauden, handik atera nintzenean pentsatu nuen: pentsa, beltza, edo marokoarra, edo ijitoa izan banintz, zer pentsatuko zukeen?
Gizarte honetan, oraindik, lan handia daukagu pertzepzioak aldatu eta aurreiritziak deuseztatzeko.
Egun batzuk beranduago deitu, eta lana eman zidaten.