Intsumisoek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izen zen, baina irabazi egin zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera-bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz itzuli behar dela garai haietara. Hau da: gure gazteak soldaduskan ikusi nahi dituzte, beraien arma, balio ustel, matxista eta inperialistekin. Orain neskak ere sartu nahi omen dituzte infernuan, berdintasun faltsuaren izenean.
Zenbat zigor, epaiketa, espetxe, une txar —politak ere bai batzuetan—, manifa... Denok elkartuta abesten, atzera eta aurrera. Ez ziren bakarrik egon. Han ginen lagunak eta etxekoak, denok azaltzen guk ere ez genuela soldaduska nahi, ezta armadarik ere. Gizartearen zati nagusia beraiekin zegon. NATOren aurka agertu zen herri hau urte batzuk lehenago, eta oihu horren oihartzunak gazte hauetan aurkitu zuen segida. Golkoko gerraren edo Balkanetako gerraren aurkakoa zen gure herria. Gazte utopikoek militarrak txikitu ez, baina txiki egin zituzten.
20 urte inguru zituztenean dena utzi egin behar izaten zuten, eta kuartel batera joan. Planto egin zuten arte, planto egin genuen arte. Eta ez zen soldaduskaren aurkako borroka hutsa, beste mundu bat zuten bihotzean, armada zapaltzailerik gabekoa. Gehienak gaur egun 50 urte inguruan ibiliko dira gutxi gora behera.
Eta orain gai honi buruz gaurko gazteekin hasten bagara? Oso gutxi dakite intsumisio garaiari buruz. Eskaera bat luzatzera ausartzen naiz intsumiso izandakoei: lanbide heziketako eskoletan, institutuetan, edo unibertsitateetan... adostu Historiako irakaslearekin, joan eta kontatu bakoitzak bere historia, kontatu Nafarroan ze gogorra izan zen, kontatu espetxeak Unai erail zuela, kontatu sakabanaketa… eta kontatu ere planteak, epaiketak, entregak eta erakutsi zenuten alaitasun eta irudimena. Orain. Beranduegi izan baino lehen.
Txikitu ez baina txiki egin genituen armada horiek bueltan datoz, beldurra eta nazka ematen, suntsitzen eta hiltzen. Atzerakada faxistari aurre egitea dagokigu, egun bat jarri eta bakoitzaren herriko plazan bildu. Hitz egin. Gure esku dago transmisio hori era serio eta arduratsuan egitea.
Eta gazte: irakurri, zuen herriko kultur etxera joan eta eskatu film bat jartzea garai hari buruz, eskatu 2 urte, 4 hilabete filma. Edo dokumentalen bat edo bi… Garai hartako abestiak entzun... Makina bat gauzatxo egin daitezke, izan ere, orain dela 30 urteko espiritu berbera eskuratzeko.
Orain, zoritxarrez, gure agintariei hau entzuten hasi gara: «Guk ez dugu nahi baina ez badago beste erremediorik…»! Erremedioa zein da? Armak erosi, diru publikoarekin noski, eta armak erabiltzeko soldaduskara deitu neska eta mutilei.
ETBn ikusi eta entzun ditugun inkestetan, beste horrenbeste. Batzuek inola ere ez, baina beste askok: «Bueno, b, joan beharko balitz, joango nintzateke». Zer aldatu da, ba, orain beste modu batean pentsatzeko?
Hori entzutean, ze mina hartu nuen! A ze-nolako zaplaztekoa sentitu nuen bihotzaren erdi-erdian. Mesedez, pentsatu, hausnartu eta gero esan armarik ez, armak egiteko lantegirik ez, soldaduskarik ez, gerrarik ez! Batu gaitezen lehen batu ginen bezala. Lagunen artean, etxeetan hitz egin honetaz. Transmisioa inoiz baino beharrezkoagoa da.