ZUZENDARIARI

Atzerapen handiko trena

Donostia
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Egunerokoan maiz erabili ohi dugu trenari lotutako metafora ezaguna: «Bizitzan trena behin bakarrik pasatzen da». Hori da, hain zuzen ere, Renferekin gaur bertan gertatu zaidana Donostiako aldiriko trenarekin; izan ere, gaur goizean, 06:00ak eta 07:00ak bitartean, tren bakarra pasatu da, bi pasatu beharrean. Zoritxarrez, gertaera hori ez da anekdota hutsa, askotan errepikatzen ari baita irailetik, eta ginkana bihurtu da milaka pertsonaren lanerako joan-etorria.

Teorian, bidaia lasaia eta erosoa izan beharko lukeena abentura bilakatzen da ia egunero. Renferen eskutik, sorpresak askotarikoak dira, bidaiariak ez aspertzeko moduak: bost minutuko atzerapen sistematikoak, funtzionatzen ez duten pantailak, abisurik ematen ez duten megafoniak (eta abisuren bat ematen dutenean erdara hutsean, jakina, baina hori beste egun baterako utziko dugu), edota bidaian zehar trenetik jaitsarazi eta beste bat hartu behar izatea (azken horrek ordubete inguruko atzerapena dakar). Gainera, tren geltoki gehienetan goizeko lehen orduan ez dago langilerik eta erabiltzaileon ziurgabetasuna erabateko da. Hori dena gutxi ez, eta azkenean iritsi den trena jendez gainezka zegoen, gure Renfe, agian, Covidfree delako.

Egoera horien aurrean, erabiltzaileen ezinegona agerikoa da. Bidaiari batzuek, euren nagusien aldetik malgutasuna eta babesa dute; beste batzuek, ordea, ez dute zorte hori, eta, horrexegatik erabiltzaile batek baino gehiagok garrasika hartu ohi du agertzen den Renferen lehen langilea. Horretaz gain, ezin dugu ahaztu ogibide gehienetan puntualtasuna ezinbestekoa dela kaleratua ez izateko, eta, dakigunez, jende askok ez du autoz joateko B planik.

Azkenik, aipatzekoa da langile xumeengan jartzen ari garen zama: etxetik urruti duzun lanari uko eginez gero, soilik gauza erosoegiak gustuko dituzu; kotxez bazoaz, kutsatzaile berekoia zara, eta garraio publikoa erabiltzeagatik berandu iristen bazara, aldiz, «zure arazoa da, niri ez kontatu zure bizitza» batekin erantzuten dugu.

Hortaz, Renfe, ez gehiago jolastu gure lanpostuekin, gure osasunarekin, gure pazientziarekin eta ordaintzen dugun diruarekin, nazkatuta gaude. AHTaren garai hauetan, lehendabizi konpon ezazue daukazuen Atzerapen (eta Aurpegi) Handiko Trena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.