Lasaitu ederra hartu genuen Atzegiko etxe batean plaza tokatu zitzaigula jakin genuenean. Izeko hil zitzaigun eta haren semearen (gure lehengusuaren) ardura hartu behar izan genuen. Ordura arte ez geneukan elkartearen berri handirik, baina hasieratik lasaitasun handia transmititu ziguten bertan lan egiten duten profesionalek, senidea esku onetan zegoen seinale.
Bertako langile eta arduradunek harrera ezin hobea egin ziguten, hasieratik beraien konfiantza eta babesa sumatu genituen. Lehengusua berehala egokitu zen etxera, bere pisukide eta herri txikira. Horrekin batera, eguneko zentrora joateko aukera eman ziguten eta han ere primeran egokitu zen. Oraindik oso gustura joaten da.
Ikaragarri sumatzen dugu Atzegiko erabiltzaile izaten hasi zenetik lehengusuak izan duen garapena. Eguneroko errutinak, dieta osasuntsua eta medikazio zuzena, gainerako pertsonekin (Atzegiko erabiltzaileekin zein erabiltzaile ez direnekin) harremanetan jartzeko gaitasuna, ekintza ezberdinetan parte hartzeko gogoa... Finean, bere nortasuna garatu eta bizitza askoz autonomoagoa egiteko gaitasuna lortu du.
Mundu bat ireki zitzaion, eta mundu horretan gozatzen ari da. Asteburuetako planak, inguruko herrietako festetara egindako irteerak, oporrak... Atzegin sartu aurretik bizi ez zituen esperientziak bizi ditu.
Eta hori guztia ez zen posible izango Atzegin lan egiten duten profesionalengatik izan ez balitz. Beraien lanean, erabiltzaileen oinarrizko beharrak asetzeaz harago, lan hezitzailea egiten dute. Erabiltzaileen autonomia lantzen dute bizitzako arlo guztietan, gizartean sozializatzeko tresnak eskaintzen dizkiete, egunerokoan bizitzeko espazio seguru eta goxoa bermatzen diete, zainduak izan behar diren guztietan zaintzen dituzte, eta lagundu behar zaien txoko guztietara laguntzen diete. Eta orain, Atzegiko langileak hitzarmena negoziatzen ari direla, esan nahiko nuke zaintzaileek zenbat eta baldintza hobeak izan, orduan eta zerbitzu duinagoa eskainiko dutela. Eta zaintzaileen lana zenbat eta baloratuago egon, merezi dituzten baldintzak eskuratzetik hurbilago egongo direla.
Ikaragarria da Atzegiko langileek egiten duten lana, eta horrek lan baldintzetan hobekuntzak ekarri behar ditu, merezi dutelako, merezi dugulako.
ZUZENDARIARI
Atzegin lan baldintza duinak merezi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu