Martxoaren 24ko ikasle grebaren harira, Gasteizko campusean 34 atxilotu izan ziren. Unibertsitatean atxiloketa politikoak egitea eraso larritzat dugu. Gaur egun unibertsitatean ditugun eskubide politikoak bere garaian egindako borroken ondorioa dira, eta horien artean dago greba egitekoa, hain zuzen ere, eskubide politiko gehiago lortzeko xedea baitu grebak. Greba eskubidea, adierazpen askatasuna eta katedra askatasuna ez dizkigu inork oparitu, eta horiek guztiak belaunaldi ezberdinen borroka-prozesuen ondorio dira.
Unibertsitatea ez da ordena gauza guztien gainetik zaindu behar duen akademia pribatua. Aitzitik, gizartearen norabideaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko gune askea izan beharko luke. Izan ere, ideien trukaketak eremu irekia behar baitu, gizartean nagusitzen ari diren logika sekurokratak alboratuko dituen eremu zabala. Ekintza kolektiboaren helburuak partekatu daitezke, ala ez; protesta jakin baten estrategia zehatza partekatu daiteke, edo ez; baina, modu batera edo bestera, unibertsitateak eremu askoz ere malguagoa eskaini behar du ideien talkarako. Zentzu horretan, poliziaren jarduerak ez du lekurik izan behar unibertsitatean, hasteko eta behin, sarekada-praxia ekidinez. Joan den astean EHUn izandako atxiloketen logika indiskriminatua eta horren ondorioz etorri daitezkeen zigorrak ez dira erreibindikazio zilegiak bideratzeko modu egokiak.
Ildo horretan, larria deritzogu unibertsitatearen baimenez 34 ikasle atxilotzeari greba egun batean. Etorkizunera begira, gatazkak kudeatzeko gaitasuna hobetu beharko luke unibertsitateak. Dena delakoa izanda ere mobilizazioaren deitzailea, eskaerak ezagutzeko eta, ahal bada, negoziatzeko aurretiazko neurriak hartu behar ditu unibertsitateak, ezer konpontzen ez duten neurri errepresiboetara jo gabe. Jarduera prebentibo horrek, inork nahi ez dituen kalteak ekiditeko modua emango luke. Horregatik uste dugu merezi duela gatazkan dauden partaideak —kasu honetan, ikasleak eta errektoretza— mahai baten bueltan elkartzeko ahalegina egitea.
Unibertsitatea askatasuna eraikitzeko lekua da, eta askatasunak errealitatea politizatzea eskatzen du, horrek sortzen dituen gatazka eta tentsioekin. Unibertsitatea bezalako espazio publikoa da gatazka horiek konpontzeko gaur egun dugun lehentasunezko espazioa, baina azken hamarkadetan enpresa pribatuen esku uzten ari dira unibertsitateak izan beharko lukeen askatasun espazio publiko eta politikoa, irakaskuntza edukiak baldintzatuz, segurtasun indar pribatuak sortuz eta Euneiz bezalako unibertsitate pribatuak diru publikoz finantzatuz.
Pribatizazio prozesu horrek unibertsitateko ikasle, irakasle eta langile ororen baldintzak okertu ditu, prekarizazioak sortzen duen ezinegon material eta ongizate falta zabalduz eta egiturazkoa bilakatuz. Hori guztia salatzea eta borrokatzea eskubidea nahiz betebeharra da unibertsitatearekin konpromisoa dugun guztiontzat. Horrenbestez, denon ardura da unibertsitatearen pribatizazioa eta elitizazioa gelditzea eta doakoa eta kalitatezkoa izango den hezkuntza eskubidea bermatzea; baita ikasteko eskubidea unibertsalizatzea ere.
Azkenik, atxilotutako ikasle guztien kargugabetzea eta greba zein adierazpen askatasuna bermatzea exijitzen diogu EHUri.
Sinatzaile guztiak:
1. Uzuri Albizu Mallea; 2. Julen Manterola Agirre; 3. Xabier Artiagoitia Beaskoetxea; 4. Aitor Moreno Fernandez de Leceta; 5. Felipe Ibañez Anfurrutia; 6. Jeremías Pérez Contell; 7. Maria Lourdes Barrenetxea Urkia; 8. Gustavo Amores Olazaguirre; 9. Nerea Arruti Etxeberria; 10. Gema Lasarte Leonet; 11. Saioa Larraza Arnanz; 12. Gorka Menendez Baceta; 13. Iñaki Barcena Hynojal; 14. Jokin Azpiazu Carballo; 15. Jon Kortazar Billelabeitia; 16. Adrían Lopez Bueno; 17. Jon Bernat Zubiri; 18. Eki Etxebarria Respaldiza; 19. Joseba Permach Martin; 20. Pello Salazar Martínez de Iturrate; 21. Zesar Martinez Garcia; 22. Jon Azkune Torres; 23. Estitxu Garai Artetxe; 24. Galder Sierra Zapirain; 25. Itziar Mujika Chao; 26. Jule Goikoetxea Mentxaka; 27. Izaro Gorostidi Bidauzarraga; 28. Andere Ormazabal Gaston; 29. Mario Zubiaga Garate; 30. Asier Blas Mendoza; 31. Asier Amezaga Etxebarria; 32. Susana Andino Garcia; 33. Edurne Larrañaga Quijano; 34. Aitor Garagarza Cambra; 35. Artzai Gaspar Arraiza; 36. Ion Arrieta Valero; 37. Pio Perez Aldasoro; 38. Norberto Asensio Herrero; 39. Oihana Santolaria del Campo; 40. Koldo Telleria Andueza; 41. Ander de la Fuente Arana; 42. Miren Koro Jauregi Elizondo; 43. Marta Sarasa Maia; 44. Iñaki Karrera Juarros; 45. Ibon Egaña Etxeberria; 46. Aratz Soto Gorrotxategi; 47. Eusebio Lasa Altuna; 48. Jose Mari Sarasola; 49. Marta Luxan Serrano; 50. Beñat Sarasola Santamaria; 51. Yuri Rueda Estévez; 52. Ane Lamarka Etxeberria; 53. Ilargi Gorostegi Anduaga; 54. Oidui Usabiaga Arruabarrena; 55. Uxue Fernández Lasa; 56. Javier Óscar Garay Plaza; 57. Iban Zaldua Gonzalez.