Lekeitio

Athletic: galdutako aukera

Iñigo Eiguren Endeiza
2024ko apirilaren 22a
05:00
Entzun

Athletic txapeldun berriro! Denbora askoren ondoren suertatu da. Sinistuz, lan eginez, sufrituz, «a lo bajini», baina lortu dugu. Garaipena denona izanik, zorion bereziak Athleticeko plantilla, langile eta zuzendaritza taldeari.

Horren ondorioa zoramena izan da, emozioen eztanda, eta herri oso baten poztasuna eta mobilizazioa. Momentu hunkigarriak eta ahaztezinak bizitu ditugu, gure arteko hainbat liskar eta haserre albo batera utzi, eta talde pertenentzia areagotu eta sendotzeko aproposak.

Crescendo horren gailurra gabarran bizi izan genuen, Ibaizabal itsasadarrean gora, udaletxean eta diputazioan. Baina, nire uste apalean, Athleticek ez zuen asmatu azken pausoan: ekitaldiaren profila oso baxua izan zen, maskulinoegia, erdaldunegia («Aupa Bufalu!»), friboloegia.

Aukera ezin hobea galdu zuen, milioi bat entzule eta ikusleren aurrean, gizarte honetan izan nahi duen lekua definitzeko eta aldarrikatzeko, oinarrizkoak eta ezinbestekoak diren balioak defendatu eta transmititzeko lau haizeetara.

Kontziente izanik, gure artean eta, batez ere, belaunaldi gazteenengan daukan eraginaz, esan eta egiten direnen garrantziaz eta eredugarritasunaz, Athleticek aurretiaz prestatuta eraman behar zituen diskurtsoa eta zabaldu nahi diren ideia eta irudiak. Ezin du ahaztu bizi dugun errealitatea eta, futbol mundutik larregi urrundu gabe, pil-pilean dauden arazo eta eragozpenak: futbol eredua, emakumearen rola, euskara, arrazakeria, gerrak eta pobrezia...

Horrelako uneetan, poztasuna nagusi eta helburu, ez da Pasionaria edo Gandhi izan behar, baina aipamen xume eta neurtuak nahikoak lirateke, momentu hain errepikaezinari etekina ateraz, herri oso bati hobetze bideak erakutsi eta proposatzeko. Horrek ere egingo gintuzke bakarrak munduan.

Datorren urtekoa, beraz, hobeto prestatu beharko dugu.

Aupa Athletic!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.