Baso Biziak plataformako kidea

Aterpe klimatikoen iruzurra, made in EAE

2024ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

Larrialdi klimatikoa, bero boladak eta osasun segurtasuna bezalako kontzeptuak gero eta maizago entzuten ari gara, baita aterpe klimatikoarena bera ere. Zer dira, zertarako balio dute, non daude?

Egoera klimatiko berrietan erabaki berriak hartu beharko genituzke naturan, hirietan, gure osasunean. Horiekin guztiekin harremanetan jartzeko eredu zaharrek ez dute balio eta aterpe klimatikoen gaian, trantsizio energetikoarekin bezala, iruzurra ezkutatzen da.

Zer dira aterpe klimatikoak? Muturreko egoera klimatikoetan, herritar guztiontzat, osasun egoera eramangarriagoa eta seguruagoa eskaintzeko prestatuta dauzkagun barneko zein kanpoko babesguneak; izan daitezke zentro publikoak zein parke edo berdeguneak eta baita elizak edota, kasu batzuetan, zentro komertzialak ere (azken horiek beste kritika berezi bat beharko lukete).

EAEko hiru hiriburuek badituzte mapak non zehaztu dituzten gune horiek, baina planik eta protokolorik gabe paper hutsa besterik ez dira, eta hori da, gaur egun, ustezko aterpe hauen benetako egoera zentro publikoetan, izan Kultur Etxe, museo, kiroldegi, eta abar.

Arautegi bat beharko litzateke, formakuntza espezifikoa barne, gune horietako langileentzat, ordutegi berriak, kontratazio gehiago. Langileek jakin behar dute gune bakoitzaren espazioak nola antolatuko diren, zer eskaintza dagoen, ohikoaz gain, zein den haien betebeharra egoera berezi hauetan, nola koordinatu behar diren osasun zerbitzuekin. Herritarrok, gainera, horren guztiaren berri izan behar dugu muturreko egoera klimatiko bat aurreikusten den bakoitzean; auzoz auzo, herriz herri informazio hori guztia helarazi behar zaigu sistematikoki.

2024ko abuztuaren 11n, alerta laranjan egon gara EAEn, tenperatura altuengatik; hori dela-eta Baso Biziak Plataformatik Donostiako barneko aterpe klimatiko batzuetara deitu dugu, hots, Kultur Etxeetara. Ez digute inon erantzun, bakarrik batean esan digute normalean igande goizetan zabalik egoten dela baina ez dutela inongo abisurik edo agindurik jaso udaletxetik.

Zer balio dauka aterpe klimatiko gisa Kultur Etxeak jartzeak justu bero boladak gertatzen diren hilabetean itxita badaude? Zein da egoera berezietan martxan jarri behar den protokoloa, non daude zehaztuta horrelako egoera berezietarako behar diren baliabide pertsonal zein ekonomikoak; hori guztia ez zehaztea osasun publikoaren kontrako delitutzat har daiteke?

Neurriak hartu behar dira; aholkuak, gomendioak, ez dira nahiko, eta ardura ez da herritarrona bakarrik, udaletxeak du erantzukizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.