Hauteskunde giroan sartuta gaudelarik mezuak nonahi eta noiznahi zabaltzen dira herrian. Badira aste batzuk etxean jaso nuela marabillen katalogoa. Bertan, antzinako kromoen albuma balitz, alkateak bere lorpenak erakusten dizkigu. Direnak eta ez direnak, zeru eta lur, dena beretzat hartuz. Nik, alabaina, irudi bat bota dut faltan: Astra aurrean dagoen babeslekua. Egokitze lanetan egon dira, harik eta paralizatuta geratu den arte.
Babeslekua ere, guztion ondare kulturala beharko lukeena, alkateak beretzat hartua du aspalditik. Sintomatikoa da irudi hori sartu ez izana, kulturaren, memoriaren eta herrigintzaren paralisiaren metafora baita. Babesleku hori desagertzeko zorian egon zen demolizio bola zintzilik izan baitzuen orain ia bi hamarkada. Gernika Batzordeko bi kide hurbildu ginen bertara segurata baten oihuak tarteko: «¡Que hacen ustedes aqui, esto es una propiedad privada!». Azkar mugitu ginen, eta Iñaki Uriarte arkitektoarekin harremanetan jarri ondoren aholkatu zigun Declaracion de bien de interes cultural bezala izendatzea eskatzeko.
Geroztik, alkate jaunak memoriaren arloan lanean ari garenok ez gaitu aintzat hartu ere egin. Bizikidetza integral bat, memoria inklusibo bat eraikitzeko, kultur eragile guztiak hartu behar dira kontuan; horien lanak, asmoak eta iritziak ezagutu, proiektu partekatuak bideratzeko. Denona den ondarea balorean jarriz herrigintza aktibo bat abian jartzeko. Zereginik badago, baina Gernika-Lumoko alkate jaunak erabaki du bera dela memoriaren gordailu bakarra; giltzak bere poltsikoan ditu. Beraz, bai, «esto es una propiedad privada».
ZUZENDARIARI
Astrako babeslekua, propietate pribatua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu