RTX auzo-kolektiboa (Iruñea)

Arrotxapeko osasun etxeaz

Xabier Martinez Asurmendi
2024ko urriaren 15a
05:00
Entzun

Jadanik ezagunak dira Arrotxapeko osasun etxeko erabiltzaileok egunero ditugun arazoak.

Bide neketsu hau edozein gaitz dela-eta ordua hartu behar duzunean hasten da. Ezinezkoa da osasunkarpetaren aplikaziotik bertatik egitea, nahiz eta, legez, beti aukera hori izan beharko genukeen. Beraz, ordua telefono bidez lortzen saiatu behar duzu. Baina hori ere ezinezkoa suertatzen da, eta azkenik, egoera ikusirik, goizeko zazpietan osasun etxera joan behar duzu, eta ilara luzeetan itxoin, osasun etxea noiz irekiko zain. Askotan administrazio leihatilara iristerako «hutsune guztiak beteta daude», eta ordua lortzeko aukerarik gabe geratzen zara.

Egoera jasanezina da Arrotxapeko osasun etxearekin bizitzen ari garena, eta, horregatik, RTX Auzolanetik gure auzoari hainbeste eragiten dion arazo horri gogor heltzea erabaki dugu. Gure osasunaz ari gara, gure bizitzaz.

Osasun publiko eta kalitatezkoa defendatzeko auzoan egindako mobilizazio batzuen ondoren, non auzokideen parte hartzea nabarmena izan zen, beste urrats bat egitea erabaki genuen, Arartekoarekin eta Nafarroako Gobernuko lehen mailako arretako arduradunarekin bilera bana eginez.

Bilera horietan hobekuntzarako hainbat neurriren konpromisoa lortu genuen. Haiek martxan dauden arren, ez da nahikoa. Bilera horien harira, Arartekoak komunikazio bat bidali zuen, eta bertan beharrezkotzat jo zuen honako hau: «Osasun Sailari gomendatzea sakon azter ditzala hitzorduak baldintza egokietan eta denbora egokian lortzeko jasaten ari diren zailtasunak eta atzerapenak, beharrezkoak diren indartze, antolaketa, langile edo kudeaketan neurriak hartuz...».

Pozik gaude ebazpen horrekin, baina adi egonen gara. Erne eta gogotsu jarraitzen dugu osasun publiko eta kalitatezkoaren defentsan. Hori dela eta, astearte honetan, Arrotxapeko Carbonilla zentroan, 19:00etan, auzoko bizikidetzaren eta hobekuntzaren dekalogoa aurkeztuko dugu. Bertan, besteak beste, Arrotxapeko osasun etxearen problematikari helduko diogu. Ekitaldi horretara auzo osoa gonbidatuta dago. Ez dugu atzerapauso bat ere emango, gure bizitza horren mende dago eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.