ZUZENDARIARI

Arraunlariak ez gara ontzitik jaitsiko

Ane Arbillaga Etxarri.
2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Joan da beste denboraldi bat, beste udara bat, eta benetan pozgarria izan da emakumezko talde berrien presentzia, ozen goraipatzekoa, eta hemendik indar guztiak aurrera jarrai dezaten. Poztekoa ere beste taldeak eta euren arteko lehia nola sendotu diren ikustea. Baina askotan, ahalegin onenaren saiakera usteak negutu egin du arraunaz gozatzeko uda garaia.

Gipuzkoako ligako estropaden gehiengoak erlojupeko aspergarritasunean jokatu dira (mila esker, Ondarru!), baldintza ziztrin eta begirune faltaz antolatutako estropadetan. Metro exkaxeko ura zuen ibaian eta F1-ko zirkuituak ziruditen eremuetan ibili gara, edo gizonezkoen banderen ondoan pashmina kutreak ziruditen oihalak astintzen.

EuskoTren ligak ere hortxe dirau zortzi estropadetara jokatzeko zentzugabekerian estankaturik. Zergatik ez dira hamabi edo hemezortzi? Zergatik ez goaz neskak ere Galiziko estropadetara? Cabo bertan zen aurreko edizioan, beraz, non da aitzakia? Hainbestekoa al da sortzen dugun traba antolakuntzan? Eta telebistan? Bai, guk distantzia erdia egiten dugu, baina horrek komunikabideetan dugun presentzia gizonezkoek dutenaren erdiaren laurdenera murriztea dakar? Zergatik ez da distantzia erdiaren legea diru saritan aplikatzen? Non da berdintasunaren proportzioa? Eta EuskoTren liga irabazi eta galazko ontzian bi minutu exkaxean ospatzearena? Bazen bai azkar batean ontzitik jaisteko temati zebilena, eta mutilen koronazio unea kronometratzeko gogoa pizten duena.

Joan da beste udara bat, beste aukera bat, eta badator beste negu bat. Guri gogor entrenatzea dagokigu, baina erakunde, arraun talde, federazio eta eragile ezberdinei galdetzea, entzutea, autokritika egitea eta baliabideak bilatzeko denbora iritsi zaie. Bada zer aldatu eta zer hobetu, jakin badakitelako gu ez garela ontzitik jaitsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.