ZUZENDARIARI

Argitu duela?

2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Nire ustetan, Julen Diaz de Argotek gauzak argitu baino areago, ilundu egin zituen ekainaren 13ko BERRIAn. Bere harikoak ez garenok sektarioak omen gara, geure martiri eta guzti. COVID-XIXarekin egindako txiste memeloa auzolotsa baino ez da. Guk presio estrategia darabilgula dio, baina gurea kontrapresio zientifikoa da eta ez besterik, eztabaida zintzo bat nazioarteko laborategi inpartzial prestigiodun batek argitu baitezake ongien honelako kasuetan.

«Ahaztu» egin zaio bere idazkiari funtsezko hainbat aipamen eranstea. Adibidez: 1) 20 txosten daude, 3.500 orrialde idatziak, autentikoak direla diotenak, asko nazioarteko zientzialari ospetsuek idatziak, tartean bat, 77 orrialdekoa, Matrix Harris sistema eta metodo estratigrafikoaren sortzailea eta Bermudako museoaren zuzendaria den Edward C. Harris jaunak idatzitakoa, hogeiak interes altruistaz aportatuak. 2) Sei txosten dira faltsuak direla diotenak, Arabako Diputazioak eskatuak, guztira 400 orrialde idatziak, bakoitza 1.800 € ordaindu zen, gehi bazkari, bidaia eta hotelen gastuak. 3) Bederatzi herrialdetako arkeologo esperientziadunek (Alemania, Australia, AEB, Espainia, Grezia, Eslovenia, Hungaria, Polonia eta Erresuma Batua) beren laborategiak eskaini dizkigute behingoz analitika zientifikoak egiteko, baina, dirudienez, Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren informe bakarra beste guztienak baino hobea izan bide da. 4) Iruña-Veleiako 98 sektorean, orduan aztarnategiko zuzendaria zen Julio Nuñez jaunak agindu zuen estrakzioak hondeamakinaz egitea eta metro eta erdiko sakoneran induskatuz, 15 bat egunez eta 7 minuturo kamioi bat betez, bertako altxor baliotsuak betiko galdu zituen lurrarekin batera. 5) Defentsa prestatzeko alde akusatuari debekatu egin zaio piezak baliatzea. Non daude piezak? Nola? Julio Nuñezek egindako hondamendiari egoki iritzi dion Foru Diputazioaren kontrolpean seguru al daude? Hori guztia horrela izanik ere, Arabako Foru Diputazioak, sinetsi ezinezko jarrera onartezin bat erakutsiz, arbuiatu egiten du arkeometrian espezializatutako europar laborategi inpartzialetan analitikak egitea.

Gaztelaniazko hitzekin batera, euskal hitz eta esaldi gaur arte zaharrenak San Millango glosetan agertutakoak dira, XI. mendekoak.Iruña-Veleiako aurkikuntza bereziak autentikoak balira, eta halaxe dira, euskararen presentzia idatzia Euskal Herrian 700 urtez antzinagotu beharko litzateke. Epigrafiari eta ikonografia erlijiosoari buruz, Jesusen bizitzak du lehentasuna, Jesusen Azken Afaria-ren irudi posible bat agertzen da, Kristo Kalbarioan bi lapurren artean eta abar. Gai erlijiosozko aurkikuntza horiek mundu zabaleko testigantza zaharrenak izango lirateke.

Eta grafitoak benetakoak badira, Eliseo Gil eta bere ekipoaren kalte-ordainak kitatu eta zuten ikerketa-lanean berrintegratuak izan daitezela. Eta justizia egin bedi egia argitzeko eta benetako erantzukizunak esleitzeko. Irakurleari gomendatzen diot ¿Qué pasa en Iruña-Veleia? liburua irakur dezala arazoaz areago jabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.