ZUZENDARIARI

Argi-mukia piztuko duen larrialdia?

Gasteiz.
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Historikoki, koronabirusaren krisia bezalako egoera larriek biztanleriaren giza eskubideak luzaroan murrizteari bidea eman diote edo, kontrakoz, horien aldeko iraultzaren bat piztu dute. Alabaina, oraindik goizegi da nozitzen ari garen larrialdia amaitu ondoren herri apalak zein jarrera hartuko duen aurreikusteko.

Gaixotasunaren beldurra hezurretaraino sartua daukagunez, kontu atzerakoi batzuek pitzarazitako hausnarketak edota zalantzak erraz burutik baztertzen ditugu. Esate baterako, gobernuak langile askoren lan baldintzak okertu eta kazetariek egiten dituzten larrialdiari buruzko galderak bahetu izana, besteak beste, izurritearen aurretik onartezintzat joko genituen.

Bestalde, aspalditik datozkigun politikarien —batez ere, eskuinekoen— osasun arloko murrizketek zenbateraino gaitz egiten diguten konturatzen ari gara. Horrez gain, geroz eta lagun gehiagok gobernuak hartu dituen koronabirusaren izurriteari aurre egiteko neurri gogorrei salagarriak deritzegu.

Hasiera batean, izuak eta ezjakintasunak gehienak agintariekin itsu-itsuan fidatzera bultzatu zituzten. Baina, ia erabateko itxialdiaren zein jendeari kontrolpean eustearren, makina bat isun jartzearen guztiz aldekoak zirenak ere gure buruzagiek ezarritako konponbideak ezbaian jartzen hasiak dira. Bistan da biztanle apalok ez garela politikariek ziurtzat jotzen duten bezain eskurakoiak.

Tamalez, kapitalismo basati batek dakarkigun bizimoduak gehiegizko indibidualismoa sustatzen du. Eta horrek borroka berari ekitea oztopatzen digu. Baliteke nahita sorrarazi izana geurekoiak izateko premia, boteretsuei aurka egiteko behar dugun indar kolektiboa ahultzearren.

Ondorioz, denoi mesede egingo ligukeen helburu bat lortzeagatiko ahaleginak batzea kosta egiten zaigu. Eta, horrexegatik, honelako larrialdiek besterik ez gaituzte esnaraziko. Alde horretatik, kalera libreki irten bitartean, lozorrotik atera gaitezen espero dut. Azken finean, geure esku egongo da egiazko irtenbidea: agintariei edozein osasun krisi edota krisi ekonomikoren aitzakiapean eskubideak urra diezazkiguten uztea; edo, pairatu dugun egoera larria laster ahaztu ezinik, eskubideen aldeko aldaketa aurrerakoi bat irmoki eta elkarrekin aldarrikatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.