ZUZENDARIARI

Argi eta garbi hitz egin dezagun

Aizeti Lobo.
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azkenaldian askotan ikusten dugu, erosle arduratsuak izatera gonbidatzen gaituen, eta non erosten dugun kontziente izan gaitezen eskatzen digun Eusko Jaurlaritzaren iragarki bat. Ondo erosi, hobeto bizitzeko du lelotzat. Egunkarietan ez da arraroa km0 produktuak balioan jartzen dituzten partiduen irudiak ikustea. Baita hauteskunde bezperetan politikarien argazkiak feriaz feria, herri txikietako baloreak bultzatuz azaltzea ere.

Kontraesana badirudi ere, politikari horietako batzuk eta haien alderdiak berak dira eskola jantokietan bertako, garaiko eta produktu ekologikoak erabiltzea posibleez izatearen arduradunak. Segurtasunaren izenean, bertako dendetan eta zuzenean gure ekoizleei erostea posible egiten ez dutenak.

Badirudi segurtasuna catering handiek bakarrik ziurtatu dezaketela. Prezioak adosteagatik eta milioika euroko gainkostuak sartzeagatik kondenatuak izan ziren catering haiek, panga arraina menuetatik kendu behar izan zuten catering haiek berak. Enpresa horiek milaka kilometrotara erosten dituzte elikagai gehienak. Baina, kasualitatez aurten, menuetan, irudia garbitzeko aldaketak egin dituzte, noizean behin baserriko fruta jarriz edo animalien ongizatea zigilupean aurkeztutako haragia eskainiz egunen batean. Hori bai, haragi hori Poloniatik dator, hemen haragirik izango ez bagenu bezala. Ez daukagu argi zigilu horiek zer ziurtatzen diguten.

Arabako mendialdean, beste hainbat eskualdetan bezala, hiru urte baino gehiago daramatzagu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eskola jantokien kudeaketa eredua aldatu dezala eskatzen. Bertako ekoizle eta dendariei zuzenean erostea posible egingo duena, gertuko eta kalitatezko elikagaiak, ekologikoak lehenetsiko dituena. Eta jantokiko langileei heziketa proiektuan behar duten garrantzia emango diena. Catering enpresei eta Eusko Jaurlaritzari pare bat kontu:

Enpresei, gure seme-alaben elikadurarekin jolasean ibili eta gero. Baita, diru publikoa xahutu eta familien dirua lapurtu eta gero, ez garela zuetaz fio. Itxurakeriekin ez gaituzue engainatuko. Aio, Pelaio!

Eusko Jaurlaritzari, aldiz, esaten duenaren eredu izan dadila. Erosterakoan, kontratatzerakoan, arduratsuak izanez eredu izan daitezela. Ez da bidezkoa enpresa handiei erraztasunek ematea, supermerkatu handiak laguntzea, zerbitzu piloa pribatizatzea eta gero, aurpegia garbitzeko, iragarki zuriak erabiltzea. Beste lelo hau proposatzen dizuegu.Utzi erosten, bizitzen jarraitu ahal izateko.

Errazagoa litzateke guztiontzat traba izan beharrean egiten utziko bazenigute. Eskualde honetan aspertu gara paternalismo, kazikismo eta klientelismoez. Ez digute balio, herrietako biztanleekin kontatu gabe hirietan diseinatutako despopulazioaren aurkako planek.

Lurralde orekari buruz harro hitz egin nahi baduzue, ezin duzue orain arte bezain zorrotzak izan. Mendialdeko haur eskoletan Bilbo edo Gasteizko haur eskoletako ratio bera eskatzen duzue, irakasleria mantentzeko ikasle kopuru berdina... Hori ez da bidea! Utzi zurikeriak! Edo gure eskolak, dendak eta gure/zuen herriak asteburu pasarako eta hain gustuko duzuen folklorerako soilik izango dira.

Herrikoak gara, eta hala jarraitu nahi dugu. Ez dugu sinesten gauzak aldatzea hain zaila denik. Hori bai, gogoa, ausardia eta erabakia behar dira! Aurrera, ba!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.