ZUZENDARIARI

Arduragabekeria Aralarren

Aloña Jauregi eta Arantxa Murua
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Aralar Natur Parkea kontrolik gabeko eremu bilakatu da. Adibide batzuk ematearren, edonor sar daiteke kotxez (langa irekita dago), 4x4 ibilgailuak goi larreetan ikustea ohiko bilakatu da, baita motozaleak edozein bidexkatan ere, abeltzain askok ordenantzen arabera igo ditzaketenak baino abere gehiago igotzen dituzte, behor bat edukitzea nahikoa da Natur Parkean kotxez ibiltzeko baimena lortzeko… Egoera jasanezin honen aurrean, uste dugu beharrezkoa dela kudeaketaren inguruko azalpen gutxi batzuk ematea.

Parke Naturaleko Larre eta txabolen ordenantzak bertako funtzionamendua zehazten du. Ordenantzako neurriak natur baliabideen (larrea, ura) eta azpiegituren erabilera iraunkorra bermatzeko egiten dira; beste hitz batzuekin esanda, ingurumenaren, abeltzainen eta bisitarientzako mesedetan egiten dira.

Ordenantzak betiere Natur Baliabideen Antolaketarako Plan baten menpe daude, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena da plan hori betetzen dela bermatzeko ardura. Aralarren gertatzen ari denarekin, non dago Gipuzkoako Mendietako zuzendaria? Eta nora begira daude lege-hausteak kontrolatu beharko lituzketen basozainak? Eta Ertzaintza?

Gainera, Ordenantza hauek, denonak diren larreak eta txabolak interesatuen artean ahalik eta hoberen banatzeko egiten dira. Horrenbestez, zergatik ez dute abeltzainen ordezkariek (elkarteek, sindikatuek) egoera honek dakartzan bidegabekeriak salatu eta Ordenantza betetzea eskatzen?

Eta, bestalde, non dago Ordenantza onartu eta betearazi behar duen Mankomunitatea? Arduragabekeria handia dago erakundeen ordezkarien artean, ez dira araudia betearazteko gai ere. Aralarrera doazen mendizale, ikerlari edo abeltzainek muga batzuk daudela onartu behar dute, inor ez baitago legearen gainetik.

Gainera, Europar Batasunak ezartzen dituen helburuak betearazteko, Aralarko abeltzainek dirulaguntzak jasotzen dituzte. Orotara, urtean, ia 1,5 milioi euro jasotzen dituzte. Batezbestekoa egingo bagenu, 15.000 eurotik gora jasoko lituzke Aralarko onuradun bakoitzak urtero. Dirulaguntza hauek jasotzen dituen orok joko-arauak ezagutu eta onartu beharko lituzke, guztion mesederako baitira. Datu hauek guztiak publikoak dira eta fega.es-en ditugu ikusgai.

Aralarko gatazka konpontzeko eman beharreko lehen pausoa erraza da, Natur Baliabideen Antolaketarako Plana eta Ordenantza betearaztea. Tristea da erakundeei hau eskatzen aritzea, beraien betebeharra denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.