Gasteiz

Ardiaren kulpak bildotsak pagatu

Fito Kerexazu Balantzategi
2024ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun

Norberaren errua beste norbaiti leporatzea. Horrela laburbil genezake izenburuko esaera zaharraren esanahia. Eta horixe egin du Gasteizko Udalak Lazarraga elkartearekin. Gasteiz antzokiaren aldeko plataformak adierazi duen bezala, aurreko eta oraingo legegintzaldietako udal-gobernuek ez dute Lazarragarekin sinatutako hitzarmenaren zati handi eta garrantzitsu bat bete, eta, horren eraginez, hona hemen gaur egun bizi dugun egoera lazgarria: Gasteiz antzokiak zabaldu gabe jarraitzen du (udalaren erantzukizun ziren hainbat baimen administratibo garaiz bideratu ez izanaren ondorio), eta egitasmoa aurrera eramateko lehiaketa publikoa irabazi zuen irabazi-asmorik gabeko elkartea (Lazarraga elkartea) hilzorian dago.

Gasteiz antzokia herri-egitasmo estrategikoa da, hasieratik elkarlanean oinarritu dena. Elkarlana du amets eta helburu. Eta etorkizunean ere horrela beharko duelakoan nago. Baina, horretarako, nork bere erantzukizunari heldu behar dio.

Ardiak (hitzarmenaren bere zatia guztiz bete ez duen aldeak) ez du emandako hitza bete, eta, orain, bildotsari (hitzarmenaren bere zatia bete duen aldeari) bota nahi dizkio kulpak. Egoera kafkiarra —Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren hitz egokietan—, egoera erabat zentzugabea eta estugarria baita, inondik ere. Eta guztiz aldrebesa, agian bildotsak eskatu beharko bailizkioke ardiari kalte-ordainak.

Ni ere, beste askoren antzera, bildotsa sentiarazi nau ardiak. Eta kalte-ordainak eskatu nahi dizkiot. Gasteiz antzokia garaiz eta hitzartu bezala zabaltzeko beharrezko lan burokratiko eta administratiboa ez egiteagatik. Gaur egungo ezohiko egoera honetan Lazarraga elkarteko kideekiko eta Gasteizko euskaldunokiko enpatia falta itzela erakusteagatik. Konponbiderako borondaterik ez erakusteagatik. Gasteizko biztanleok (euskaldunak izan ala ez) urte eta erdian euskarazko kultur-jarduerarik gabe uzteagatik. Azken batean, utzikeria galantaz jokatzeagatik.

Udala da egoera tamalgarri honen erantzule bakarra, eta bere esku dago egoerari buelta ematea, gasteiztar guztiontzat estrategikoa den herri-egitasmo hau berandu baino lehen gauzatu dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.