Zarautz

Arantzelak ez, tasa ekologikoa

2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Trumpek ezarri ditu arantzelak mundu osotik AEBetara doazen produktuentzat. Albiste eta tertulia guztietan ez da beste konturik. Niri beste gogoeta bat etorri zait burura, eta inportazioei buruzko tasei buruzkoa da. Ez lirateke arantzelak, baizik eta tasak, tasa ekologikoak.

Adibide batekin hasiko naiz. Nolatan da posible zainzuriak Perun ekoitzi, itsasoa pasa (itsasontzi edo hegazkinez), deskargatu, kamioietan kargatu, zentraletara eraman, handik dendetara banatu eta, hala ere, bertan ekoiztutakoak baino merkeago izatea?

Arrazoi batzuk dira: Peruko langileei miseria ordaindu; garraioko kutsaduragatik (ez kea bakarrik) sosik ez ordaindu; diru publikoz eraikitako portuetan deskargatu; diru publikoz egindako autopistaz baliatu, eta hor dabiltzan kamioiek kutsaduragatik ezer ordaindu ez; eta kaixo, motel!

Sistema kapitalistak ingurumenaren zaintzan duen axola eta ahuntzaren gauerdiko eztula gauza bera dela jakinda, baina merkatuaren globalizazioaren errealitatea den bezalakoa izanik, tasa ekologikoa ezartzearen alde nago: zenbat eta urrunagotik ekarri produktua, orduan eta gehiago ordaindu behar izatea bidean edo jatorrian sortutako kutsaduragatik.

Indarrean dauzkate mihian gure agintariek Zero Kilometroaren aldeko mezuak. Bada, has daitezela kanpotik datozen produktuei tasa ekologikoak jartzen.

Ez dira arantzelak, orain denak aldarrikatzen ari den merkatu libreak jarrai dezake, baina iruditzen zait tasa ekologikoek bertakoa, ingurukoa bultza dezaketela, eta aldi berean garraioan egiten ari garen energia-xahutzea gutxitu. Biak onak. Tasa ekologikoetan bildutakoa, noski, ingurumenaren aldeko ekintzetan gastatu beharko litzateke, ez armak fabrikatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.