Zuzendariari

Aralarrez

Pasai San Pedro.
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ez dut behin ere huts egin azken hamar urteotan izan diren bozetan. Argi izan dut beti nire boza Aralarrentzat, bere sorreratik ezkerreko ikuspegi batetik «polietikaren» aldarria egin duen alderdiarentzat.

Azaroaren 20an, aldiz, etxean geratuko naiz. Izan ere, nire alderdiak bere printzipio etikoei muzin egin eta bere «arerio» politikoarekin bat egitea erabaki baitu modu akritiko batean. Ez zuen merezi Aralarren hamar urteotako ibilbideak horrelako bukaerarik, hobe zukeen desagertzea, duintasunak hala eskatzen duelako, ETAk eragindako izugarrikeria sekula gaitzetsiko ez dutenekin bat egitea baino. Horren itsu ote daude ez ikusteko ezker abertzale ofizialak indarkeriari muzin egiteko arrazoia ez dela hausnarketa etiko baten eraginez izan, baizik eta eraginkortasun eta errentagarritasun kalkuluen ondorioz?

Onartzekoa ote da, esate baterako, Amaiurren Nafarroako zerrendan gertatutakoa?Aralar gogotik egurtu duen Sabino Cuadrari zerrendaburua eskaini izana. Merezi ote zuen Aralarrek horrelako umiliazioa?

Ez dakit Patxi Zabaletak ulertuko duen noizbait Aralarkide ugariri eragin digun dezepzioa eta samina, ezerezean geratu baita azken hamar urteotan ereindako hazia. Norbaitek lagunduko ote digu hamar urte xahutu izanaren inpresioa gainetik kentzen?

Eta bukatzeko bihoakie bide batez lerro hauetatik besarkada bat Jon Abrili eta azken asteotan alderditik alde egitea erabakia hartu duten Aralarkide guztiei. Zorionak duintasunari eusteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.