ZUZENDARIARI

Aralar eta Aranzadi

Zaldibia.
2017ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Aranzadi Zientzia Elkartea, espezialistaz, irakaslez, doktorez eta ikertzailez osatua dagoen askotariko taldea, zabala, jantzia eta prestigiotsua da. Arkeologoak, etnografoak, antropologoak, mikologoak, geologoak, botanikoak, ornitologoak, espeleologoak, biologoak... zientzia arlo askotako jakitunak biltzen dira taldean, eta ezaguna da egiten duten lana.

Ez dira ekologista interesatuak, ez lau urterako kargu politikoa lortu duten alkate eta zinegotziak, ez Aralarren aziendak dituzten ganaduzale edota artzainak. Ekologistek, politikoek, ganaduzaleek eta artzainek egiten duten lanari balioa kendu gabe, ingurugiroa zaintzen eta defendatzen duten pertsona jantziz osatutakotaldeaz fio naiz. Fio naiz, artzainak ez diren arren, taldean artzainik ez dagoen arren, urte asko daramatzatelako Aralarbertatik bertara aztertzen, ikertzen, ezagutzen.

Ziur naiz Aranzadik Gipuzkoako Batzar Nagusietan, politikarien aurrean, Aralarko pisten inguruan egin berri duen agerraldian esandakoak ez direla gezurrak, ez okerrak, baizik eta errealitatean, datu objektiboetan oinarritutako, ongi argudiatutako eta, batez ere, oinarri zientifikoa dutenak direla.

«Alarmismoa» ez du piztu Aranzadik, ez haiek esanek, baizik eta Aralarren egindako txikizioak! Mina, benetako mina ematen du Aralarren bihotzean egin dituzten zauriak ikusteak, eta horiek piztu dute alarma.

Oinordetzan jaso dugun inguru bizia, arnasbidea eta paisaia txikitu, eta zer utzi behar diegu ondorengoei? Gure ongizatea helburu, bazterrak txikitzeko arrazoiak beti aurkituko ditugu nor bere zilborrari begira bizi bagara, baina, zilborretik harantzago, ondorengoetan pentsatzen jartzen bagara, arazoak konpontzeko beste aukera batzuei heltzen badiegu, natura errespetatzen badugu, eskertuko digu Ama Lurrak, eskertuko digute ondorengoek.

Presarik gabe, bilatu, aurkitu eta adostu ditzagun irtenbideak Aralarrerako, sarraski eta txikiziorik gabe. Aralarbizirik eta, daudenez gain, pista gehiago gabe nahi dut. Hori dut amets, hori helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.