ZUZENDARIARI

Apirilak 6, Xabier Rey Urmeneta, 'Antxo', gogoan

Joseba Enbeita Ortuondo.
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Xabier Rey Urmeneta zuen grazia. Antxo eusko gudaria lagunentzat. Elkarrekin joan-etorriak etxartean; elkarrekin lasterka egiten, kirolean; elkarrekin eztabaidak, irriak, negarrak eta kezkak... Etxekoak eta lagunak, ikustaldien ostean, estropezurik gabe itzuliko al ziren etxera!... Tentsioa, beti tentsioa, espetxe madarikatu hauetan: espetxe aldaketak, modulu aldaketak, miaketak, bakartze moduluak, liskarrak espetxezainekin eta zein urrun Euskal Herritik fisikoki, nahiz eta hain hurbil egon gure bihotzetan!

Martxoak 6: Antxo hil dela, hil zaigula. Beste bat, beste kide bat, eta zenbatgarrena, hormatzar hauen ostean. Ezin dugu sinistu ere, eta ez dugu sinistu nahi! Ez dugu sinistu nahi. Batzarra, shock egoeran!

Goikoetxea Bilbao, Asensio Artaraz, Lopetegi Larrarte, Alberdi Martiarena, Zalakain Odriozola, Groix, Mariñelarena Imaz... Aberria ala hil, benetan, azken hatsa eman arte... Aranzamendi Arbulu, Salanueva, Hernando Gonzalez, Errazkin Galdos, Altzuguren Perurena, Angulo Iturrate, Sainz Olmos, Figueroa Fernandez, Lopez Peña, Bellon Blanco... Gora Euskal Herria Askatuta!... Del Hoyo Hernandez, Retolaza Loidi, Gorostiza Lejarriaga, Diez Uriarte, Etxabe Orobengoa, Maitia, Esteban Nieto, Gil Ostoaga, Miner Aldabalde, Ibañez Oteiza, Uribetxebarria Bolinaga, Gonzalez Peñalba... Gora Euskal Herria Sozialista!... eta Antxo! Eta zerrenda malapartatu honi gehitu errepideetan zendu direnak, espetxerako bidean, gu ikustera etortzeko nahian bidaia amaitu gabe geratu direnak... egoera kaskarretan, benetan. Antxok bazekien, ondo zekien, hilko ginela, gure izatea galduko zela... baina gure etxeak iraungo zuela zutik, Euskal Herriak merezi duelako...

Batzarra, oraindik, kaltetua dugu; Antxoren heriotza kolpe latza, oso latza, izan delako, baina eutsi egingo diogu, aurrera joko dugu, zutik. Patioko joan-etorrian ematen dugun pauso bakoitza mailukada bezala sentitzen dugu gure pentsamenduetan; oinak pauso bakoitzarekin astunago, nekatuago; bihotza taupada bakoitzean minduago Antxok utzi digun hutsuneagatik... Baina eutsi egingo diogu. Antxoren hutsunea izango dugu bidelagun, baina berarekin bizi izandakoa eta berarekin ikasi eta partekatu genuenarekin beteko dugu hutsune hori. Antxok eta espetxeetan edo espetxeen eraginez hil diren kide bidelagunek, eta bisitara joan-etorrian errepideetan bizia eman dutenek irakatsi digutena izango dugu indargarri gure ibilian, Euskal Herriaren askatasunera arte.

Antxoren etxekoak, hurbil-hurbil sentitzen ditugunak, bihotzean eta gogoan: ama Yolanda, aita Pako, anai-arrebak... Gora zuek!

Gora gu ta gutarrak! Geuk ere biziki maite zaituztegu Antxo eta hil diren kide denak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.