Antsoaingo Udala, EH Bilduren esku, bere euskararen ordenantza urratzen ari da lan-deialdietan.
Hauxe dio ordenantzak: «17. art. Antsoaingo Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, hizkuntza jakitea merezimendutako sartuko da, [...] euskararen ezagutza nahitaezkoa ez bada. 18. art. Herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa %5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa), eta harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa %10 izanen da [...]».
Azkenaldian lan-deialdi hauek egin ditu:
- Giza baliabideen zuzendaritzako lanposturako oposizio-lehiaketa.
- Udaltzaingoko agente lehenaren lanposturako lehiaketa.
- Hirigintzako teknikariaren lanposturako oposizio-lehiaketa.
- Sukaldarien zerrenda egiteko oposizio-lehiaketa.
Udaltzaingoko agente lehenaren lanposturako, %1,65 puntu ematen dizkio euskara jakiteari, eta 0 (zero) puntu gainerakoetan.
Antsoaingo herritar batek errekurtsoa jarri zuen udalean, lehenbiziko bi deialdien kontra, eta Udalak erantzun zion ez dela interesduna, eta, beraz, ez zaiola errekurtsoa onartu. Besterik ez.
Herritarrak, hortaz, errekurtsoa jarri du lau deialdien kontra Nafarroako Administrazio Auzitegian, euskara balora dadin Antsoaingo Udalaren Euskararen Ordenantzaren arabera.
Hobe luke Antsoaingo Udalak deialdiak orain zuzentzea.