Hasi gaitezen nigandik. Ni antimilitarista naiz, ez zait zilegi beste edonori erasotzea arma batekin (edo armarik gabe). Pentsatzen dut hobe litzatekeela beste edozer gauzatan dirua gastatzea (bereziki alor sozialean). Gainera, arriskutsua da, armak deabruak kargatzen ditu (esan ohi denez). Min egin dezake nahi gabe edo nahita. Hortaz... armarik ez... ados. Beste pauso bat: euskal herritarrok antimilitaristak gara (gehienbat behintzat). Hori pentsatzen dut eta hori bizi izan dut nire inguruan.
Ados, antimilitaristak gara. Baina gehiago esango nuke: ukrainar gehienak, gehien-gehienak, antimilitaristak dira. Amaitu nahi lukete orain bizitzen ari diren egoera tamalgarria. Beren etxetik at, senideak zaurituta edo hilda, munduan sakabanatuta, etxeak eraitsita, errepideak zulatuta, gorrotoa eta mina non-nahi... Baina errusiar gehienak ere, gehien-gehienak, antimilitaristak dira, bestela ez zituzketen armak ipiniko txetxeniarren (lehenbizi), presoen (gero) edo Ipar Koreako mertzenarioen eskuetan. Ez zituzketen hilotzak ezkutatu beharko lur azpian. Inoiz ez da gustuko alargun bati domina eman beharra malko artean...
Baina palestinarrak, Gazakoak eta Zisjordaniakoak ere antimilitaristak dira. Ezin dute egoera hau nola eten asmatu. Urteak pasa dituzte argindar, jaki, ur eta etxe barik noraezean hemendik hara eta handik hona, 45.000 lagun, senide, lurperatzen. Israelgo biztanleriarekin ez nago hain ziur. Badakit munduan zehar badagoela oposizio zintzo bat Netanyahuren gobernuaren kontra, esate baterako Daniel Barenboin musikaria, Nebraskako kongresista Don Bacon, Robert Reich Berkeley unibertsitateko irakaslea eta abar... baina Israelen bizi direnek aspaldi egin zuten armen aldeko hautua. Ez dakit ba.
Txikia nintzenetik ikasi nuen beste norbaiti min egitea gaizki zegoela, eta errieta egiten zidaten egiten banuen. Zergatik ez gara joaten manifestaldian erasotzaileen egoitzetara ozen adierazteko geure haserrea beraiek hazitako operazio berezi horiei buruz?
Badakizue zergatik ez den eraginkorra izango? Bakoitzak bere aitzakia baduelako, bere arrazoi handia, bere egia biribila, eztabaida ezina, egin dituen edo egiten ari den sarraskiak zuritzeko. Esate baterako, Putinentzat Krimea eta Donbass bereak ziren hango jendeak errusieraz mintzatzen zirelako (pentsa hemen, Euskal Herrian, argudio hori erabiliko bagenu) edo errepresio faxista bat jasaten ari zirelako hango errusiar ukrainarrak. Israelek segurtasun eza, arabiarren mehatxua, Bibliak emandako lurrak zirelako eta abar.
Ez dut gehiago jarraituko ondorio honetara iristeko: berekoikeriak bultzatzen du bakoitzak nahi duena lortzeko besteen kaltetan, ni lehenbizi, America first, Gaza resort, Ukraina nerea eta beren lur arraro horiek ere bai. Eta gero... aitzakiak ekoizten dira, fabrikatzen dira, justifikazioak asmatzen dira eta eslogan baten bitartez aireratzen dira, hedatzen dira eta guk irentsi egiten ditugu... eta orduan antimilitarista sutsuak bihurtzen gara.
Zer da antimilitarismoa? Nire bururako diot ez al den antimilitarismoa izango zuzena izatea, gure buruarekin eta besteekin, albokoekin, eztabaida jator eta egiazkoa egitea aitortuz ez garela bakarrak mundu honetan eta bakoitzaren eskubidearen muga besteen eskubidean dagoela... Zoritxarrez, ikusten ari garen jokaera kontrakoa da, si vis pacem para bellum.
Ez dezagun, horrenbestez, antimilitarismoa batzuen gezurrak zuritzeko erabili. Mundu hau ez da banatzen zurien eta beltzen artean, grisen artean baizik. Baina batzuek gris ilunagoa dute besteek baino, hori bai.
Xenpelarrek berriz...
Iya guriak egin du,
badegu zeñek agindu;
ez oraindik umildu,
alkarrengana bildu;
gerra nai duben guziya,
berari kendu biziya!