ZUZENDARIARI

Anonyme Popular?

2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Aitor dut, bertsolari musikatuak ez zaizkit, berez, erakargarri; aitor dut, Anonyme Popular titulutzat ez zitzaidan, ezagutu orduko, egokia iruditu. Horraino izenburuko galdera edo zalantza ikurraren zergatia; hortik aurrera, eta Arantza Iturbek Igor Elortzari egindako elkarrizketa tarteko, altxor bat deskubritu dudalako sorpresa eta plazera bizi dut; bederatzi harribitxi dira, zein bere kolore eta distirarekin, bederatzi kantu, entzun aldiro gozagarriago, den-denak goian beherarik gabe.

Bertsoa, poesia, hitzak jolas, aitorpenak, dudak, keinuak, imintzioak, amets galduak eta berreskuratuak, asmoak, kritikak eta autokritikak, kontraesanak eta aldarriak eta itxaropena; bizitza, azken batean; norberaren bizitza eta gaurko eta hemengoon bizitza, zintzotasunez eta harrotasun puntu batez kantatuak hitz ondo neurtueta hausnartuak medio.

Musika molde modernoenetan emanak diren kantuok bertakotasuna eta euskal sena muinean daramate, tradizioa eta modernotasuna eskutik eskura, hemengoa eta unibertsala parez pare, euskara ederrean, noranahikoa eta noiznahikoa; modernotasuna eta mestizajea helburu, hizkuntza-zergarik ez dela ezinbesteko argi utziaz.

Musika eta letrak oreka perfektuan, bata bestearen osagarri eta aberasgarri. Suerteko gaude euskaldunok, behingoagatik, euskaldun izan gabe ezin baita osoro goza.

Probokazio estridenterik gabe baina ozen eta sendo iristen da aldarria edo aldarri ustea, batzuetan argiago, batzuetan lausoago; bederatzi pauso etsipenetik autoafirmaziora, desolaziotik ereserkira: Mundumoduinmundu-tik Hemen gaude-ra. Zorionak Igor Elortza Aranoa, Rafa Rueda Etxebarria eta enparauok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.