Orain 26 bat urte, sasiatleta deitu zigun Anoetako estadioko lehen harria jartzeko ekitaldian protesta egitera joan ginen atletoi Xabier Albistur Donostiako alkate zenak. Guk hauxe eskatu genuen: bat, ez gintzatela urte eta erdian entrenatzeko lekurik gabe utzi; bigarrenik, egin zezatela atletismo pistarik gabeko futbol zelai bat eta atletismo pista izango zuen taxuzko estadio harmailaduna. Bai zera! Handinahikeriak itsututa, estadio handia egin zuten, eta, alboan, harmaila bakarreko atletismo pista. Esango dute Espainiatik dirua etorriko bazen pista izango zuen estadioa eraiki behar zutela, baina denborak guri eman digu arrazoi. Sestrarako aitzakia baino ez du eman 24 urtean Anoetako estadioak.
Ez zuten denbora askorik behar izan Gipuzkoako komunikabideek kalakan hasteko: hau ez da futbol zelai bat, atletismo pista kendu egin behar da ez baita ia erabili ere egiten, zaleak jokalariengana hurbildu behar dira. Gure esanak aintzat hartu gabe estadioaren alde azaldu ziren komunikabideak pista kentzearen aldeko kanpaina egiten hasi ziren lotsagabe, urte gutxi geroago. Mezua memoriarik gabeko realzaleen garunetan barru-barruraino sartu den arte. Eta laineza haize horiek hauspotuta, Realak, bigarren ahaleginean (Gipuzkoarena izan zen lehena), lortu du berea ez den etxean zer kendu eta zer jarri nahi duen erabakitzea, baina guk guztiok diruz lagunduta, jakina. Eta Donostian, Irabazi ez beste partidu guztiak, isilik. Nor ausartu Gipuzkoan Realari aurre egiten?
Denborak arrazoi eman digu. Realaren eskaeretara makurtuta, Anoetako estadioa sasiestadio izan dela argi adierazi baitigute agintariek.
Denbora apetatsua ere bada, ordea, eta askotan nabarmen uzten ditu agintariak. Anoeta berriko lehen harria jarri eta egun gutxira lehertu da albistea: Donostiako Antonio Elortza belodromoan ez da atletismo probarik izango, Espainiako Atletismo Federazioko epaileek ez baitute pista homologatu, «sasiak janda dagoelako». Alegia, azken hogeitaka urtean pistako material sintetikoa ez dutela berritu, eta gaur egun ez dituela gutxieneko baldintzak betetzen. Gipuzkoako eta Euskal Herriko pista estali bakarra, munduko atleta onenak hartu izan dituen pista, Sebastian Coeren lehenengo santutegia, gutako askoren entrenamendu lekua izan dena eta dena, sasipista bihurtzen utzi dute Gipuzkoako agintariek. Eta ez dira lotsatzen! Baina horretan dira profesional osoak, lotsagabekerian.
ZUZENDARIARI
Anoeta jorratu eta pista sasira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu