Abanto eta Zierbena

Angela Davisi buruz, errespetuz

Tomas Angel Gonzalez Gonzalez
2025eko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jule Goikoetxearen liburuan (Politeismo bastarta), Angela Davis halaxe mintzatzen zen: «Mariame Kabak esaten du itxaropena ez dela munduan lor daitekeenak eragindako emozioa, diziplina bat baizik. Eta asko gustatzen zait itxaropena diziplina gisa pentsatzea, gure borroka erradikal eta iraultzaileen funtsezko elementu bat itxaropena sortzea izan behar dela ulertzen laguntzen baitigu».

Angela Davisen adibideak hori da sorrarazten didana: itxaropena. Gure lanak ez luke zentzu handirik baldin eta ikusiko ez bagenu bizitza osoan zehar egon direla, baldintza zailenetan ere, lekukoa eraman duten pertsonak.

Angela Davis bizirik dirauen ekintzaile sutsuak, dena bere aurka zeukanean, zutik bizi izatea deliberatu zuen, erakusteko sistema ankerra eta basatiaren kontra erresistentzia zela bidea. Egiturak zituen pitzadurak aprobetxatu zituen frogatzeko zer-nolako indarra daukan pentsamendu irmo eraldatzaile batek. Etxetik, kaletik, unibertsitatetik, kartzelatik aldarrikatu izan ditu duintasuna eta koherentzia, ahaztu barik horiek ekarri ahal zizkioten ondorioak, AEBetako hamar gaizkile bilatuenen zerrendan egoteraino.

Egun, nahiz eta adinean aurrera egin, nik uste dut gutxi entzuten direla berea bezalako ahots tinkoak (itxaropena dakarkigutenak) bizirauteko gure mundu suntsitzaile honetan. Biziki gomendatzen dizkizuet euskaraz argitaratutako bere liburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.