Ikasturtean zehar arraunean ikasi eta gogor entrenatu ondoren, laster hasiko gara Andrak ErramutanOndarroako talde feministako kideok gure erronkak betetzen. Lehenengo, ekainaren 16an, Ondarroatik Lekeitiora joango gara, hango emakumeekin elkartu, proiektuaren berri eman eta hauek ere itsasoa har dezaten animatzera.
Hurrena, Ondarroa-Donostia-Ondarroa itsasaldia egingo dugu, uztailaren 6an eta 7an. Honela, ikusten ohituta ez gaudena erakutsiko dugu 45 urtetik gorako 36 andrak: hain gazteak ez diren emakumeak arraunean; hau da, kirola egiten eta itsasoa hartzen.
Gazte garaian asetzerik izan ez genuen nahia, gizonen munduan lekurik ez baikenuen, orain beteko dugu.
Egitasmo honek badu aurrekaria: 2018. urtean, Orioko emakume heldu talde batek Orio-Bilbo-Orio bidea egin zuen erramutan. Tartean, Ondarroan gelditu eta sugarra piztu zuten: oriotarrek bezala, ondarrutar emakumeek ere zeatxik ez? Horregatik, Donostiarako bidean, uztailaren 6ko eguerdian, Orion sartuko da gure trainerua, bertako emakumeekin batu, ospatu, indarrak hartu eta itsasoa emakumeena ere badela aldarrikatzera. Gonbidatuta zaudete.