ZUZENDARIARI

Amnistia? Bai, noski!

Igor Olaetxea eta Egoitz Lizundia.
Atxondoko Ezker Abertzaleko militanteak.
2016ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haizea harro dabil eta itsasontzia lemazain barik! Hala ere, sekula ez da berandu korapiloz bete den sokari korapiloak askatzeko. Gainera, Atxondo herri txikia izanik ohituta gaude elkar hartuta arazoak konpontzen eta korapiloak askatzen behin iparra zein den adostuta!

Batez ere azken hilabeteotan, kezka asko sortu da Amnistiaren aldeko mugimenduaren inguruan. Baina guk argi daukagu!

Duela hogeita hamar urte baino gehiagotik ari da Atxondoko Amnistiaren aldeko mugimendua lanean. Herri txikia izanda ere errepresioaren atzaparrak oso gertutik ezagutzen ditugu eta asko dira espetxea eta ihesa ezagutu duten herritarrak. Baina auzoz auzo eta herri mugimenduaren lan eta konpromisoarekin beti gure euskal preso eta iheslari politikoen aldeko eta errepresioaren aukako borrokan aritu gara belaunaldiz belaunaldi. Beti aritu gara estrategia politiko ezberdinen inguruan unean uneko borrokaldi ezberdinak egiten, gure burua berrantolatzen eta estrategia bakoitzari gureekarpenak eginez, beti amnistia helburu! Eta bai, eztabaidak eta zalantzak ere sarritan izan ditugu eta beti mahaiaren inguruan konpondu ditugu.

Hala ere, kezkatuta gaude azkenaldian eztabaidak hartu duen tonu eta dialektikaz. Kezkaz entzuten diegu EPPKren ibilbidea zalantzan jartzen dutenei. Tonuz pasatutako adierazpen gogorrak egiten ari direnei. Eta kezka guzti horiek senide eta lagun askoren inguruan sortzen duen ezin egon eta tentsioagatik. Eztabaida faltsua dela uste dugu, tokiz kanpo eraman dena.

Eskutitz honen helburua ez da martxan hasi den mugimendu berri baten ibilbidea salatzea, eskualdean eztabaida guneak sortzea baizik. Elkarrekin aritutako kideak gara eta helburu berdina dugu. Egia da azken urteetan emandako estrategia eta aldaketa askok mugimendua nora ezean utzi dutela hainbat alditan. Horregatik, martxan da «abian» prozesua. Gabeziak identifikatu, hitz egin eta eraikitzen jarraitzeko. Berriz ere, urte askotan bezala Ezker Abertzalearen baitan Amnistiaren aldeko aldarrikapenak erreferente politiko bat izateko. Lanerako gogoa daukanak beti izan du eta izango du tokia. Ez du balio «amnistia hitza» konfrontaziorako arma gisa erabiltzea. Ez du balio etxe barrua astintzeko eztabaida faltsuak sortzea. Eta ez du balio kolektiboarekin jolastea, ez mesedez! Konfrontazio politikoa nahi duenak badaki non dagoen etsaia!

Beraz, antolatzen jarraitzeko garaia da. Amnistia helburu auzoz auzo lanean jarraitzeko garaia. Urtarrileko Bilboko eta Baionako manifak indartu behar ditugu.

Horregatik, eztabaida faltsuak utzi eta lanera. Haizea dabil bai, oso ondo. Itsasontziaren lema gogor hartu eta amnistia ipar goazen bidea egitera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.