Eusko Legebiltzarrak, 2013ko maiatzaren 17an, batzorde txostengile bat sortzea erabaki zuen, amiantoaren biktimentzako konpentsazio?funts bat sortzeko aukera aztertzeko. Funts horretan, euskal gizarteko estamentu guztiek parte hartu zuten: langile-sindikatuek, enpresa-sindikatuek, hainbat mediku-elkartek, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, eta gaian adituak diren pertsonek. Guztira hemezortzi agerraldi egin ziren parlamentuan.
Azkenik, Eusko Legebiltzarrak, 2015eko ekainaren 25ean egindako osoko bilkuran, aho batez onartu zuen funts hori sortzeko lege-proiektu bat, eta Diputatuen Kongresuari proposatu zion hura onartzea, Eusko Legebiltzarrak ez baitzuen indarrean jartzeko eskumenik.
Harrezkero, hiru aldiz erregistratu behar izan zuen lege-proiektu hori Eusko Legebiltzarrak, 2016an, 2017an eta 2019an, hauteskundeak hainbat aldiz aurreratu izanaren ondorioz. Bigarren eta hirugarren aldietan, proiektua aintzat hartu zuten Diputatuen Kongresuko osoko bilkurek, 2017ko urriaren 4an eta 2017ko maiatzaren 2an.
2022ko urrian, azkenean, Senatuak onetsi zuen legea, eta urriaren 19ko BOEn argitaratzearekin batera, prozesu instituzional luze bat amaitu zen. Orain, ordea, gobernuak ez du betetzen legean bertan ezarrita dagoena, hau da, erregelamendua 90 eguneko epean garatzeko betebeharra, 2023ko urtarrilaren 20an amaitzen zena.
Gaur egun, araudia onetsi gabe jarraitzen dugu, eta, gainera, ministerioak hartarako egin duen proiektuak ez dio eusten legearen espirituari, zenbatekoei eta jarraitu beharreko prozedurari dagokienez.
Lege-proiektu horrek egin behar izan duen ibilbide luzetik hainbat kontu ondoriozta daitezke:
1. Onartezina da gure herrialdean amiantoa erabiltzeko debekua ezarri zenetik hogei urte baino gehiago igaro ondoren estatuak biktimak babesteko erantzukizuna bere gain ez hartzea.
2. Begien bistakoa da estatuko gobernuak ez duela Eusko Legebiltzarrarekiko errespeturik, demokraziaren historian legebiltzarraren ekimenez proposatutako lehen legea denean.
3. Onartezina da Gizarte Segurantzako Ministerioak legeari buruz egiten duen irakurketa, bide judizialera jo behar izatea ekiditen ez duten kalte-ordainak esleituz. Eta, gainera, diskriminazioa ezartzen du beste kolektibo batzuekiko, hala nola terrorismoaren biktimekiko, GIBaren eta talidomidaren biktimekiko. Amiantoaren biktimentzat proposatzen direnak baino hiru aldiz diru-kopuru handiagoak ematen zaizkie, gutxienez, kolektibo horiei guztiei.
4. Guztiz beharrezkoa da jarduneko gobernuak araudi-dekretua onestea eta adierazitako puntu horiek zuzentzea, legearen espiritua errespetatuz.
ZUZENDARIARI
Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu