ZUZENDARIARI

Amiantoa, inork aipatzen ez duen euskal kupoa

2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Amiantoaren ondorio tragikoak agerian uzten ditu, Europako bederatzi herrialdetako kazetarirekin batera, Moncloa.com egunkari digitalean Espainiar Estatuan amiantoarengatik hildakoen kopuruari buruz egindako ikerketak.

Azterlanean, amiantoaren ondoriozko bi gaixotasunengatik —mesotelioma eta asbestosia— hildakoak soilik zenbatzen dira; beste gaixotasun batzuetan, askotan zaila izaten da zuzeneko harremana frogatzea, hala izanik ere. Hala gertatzen da bronkioetako, biriketako, obulutegietako eta laringeko minbiziak eragindako heriotzen proportzio handi batekin, hain zuzen. 60ko urteen amaieran Wagner doktoreak mesotelioma gaixotasun hilgarriak amiantoarekin zuen zerikusia frogatua zuen arren, Espainiar Estatuak, Uralita enpresak baldintzatuta, amiantoa merkaturatzeko aukera ematen jarraitu zuen, Europako Batasunak 2001ean debekua ezarri zion arte.

Ordurako beranduegi zen milaka biktimarentzat, eta Espainiar Estatuan, 2000 eta 2020 artean, 7.622 pertsona hil dira.

Estatuan udalerri kaltetuenak zein diren aztertzean, deigarria da Euskadiko sei herri daudela hildako gehien dituzten hamarren artean (biztanle kopuruarekiko proportzioan): bigarren tokian Beasain dago; hirugarrenean, Sestao; bosgarrenean, Santurtzi; zazpigarrenean, Barakaldo; bederatzigarrenean, Laudio; eta hamargarrenean, Portugalete. Hori da Euskadik amiantoaren ondorioz hildakoen zerrendari egiten dion ekarpenaren balantze tristea; Estatu osoko lehen postuan dago, biztanle-kopuruaren arabera, 748 hildakorekin.

Gertatu den guztia gertatu eta gero, konpondu gabe jarraitzen du gure herrietan ezarritako amiantoa kentzeko arazoak. Egin gabe dago, eta beharrezkoa da, ingurumen-kutsaduragatik amiantoaren biktima gehiago izan ez dadin. Udal agintariek neurri egokiak hartu behar dituzte, legea betez, amiantoa 2023a baino lehen lokalizatuta izateko instalazio publikoetan, eta 2028a baino lehen hura kenduz joateko.

Amiantoa kentzeko lanetan udalek konpromisoa har dezaten, Asviamiek mozio bat aurkeztu du aipatu ditugun sei udalerrietan, etorkizunean ingurumen-kutsaduragatik biktima gehiago izan ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.