Ordizia

Les Amazones d'Afrique

Joseba Aitor Asurmendi Gartzia
2024ko abuztuaren 1a
05:00
Entzun

Donostiako aurtengo 59. Jazzaldian Santa Ana egunean Maliko talde bati egokitu zitzaion Zurriolako hondartzara bertaratu ginenoi gorputza dantzan jartzen saiatzea. Eta baita ederki lortu ere! Ikusgarria, gogoangarria izan zen iluntzeko bederatzietan elkartu ginenok gozatu ahal izan genuen ikuskizuna.

Hori gutxi izango ez balitz bezala, oholtza gainean aritu ziren musikariek eta kantari jardun zuten hiru emakume zoragarriek, euren abestien eta oholtzaren atzean zeukaten pantaila erraldoiaren bidez, hamaika aldarrikapen egin zituzten, Afrikako emakumeak ahalduntzeko eta bertako neskatila gazteen eskubideak defendatzeko mezuak gehientsuenak.

Halere, esaera zaharrak dioen bezala, ez dago arrosarik arantza gaberik; eta talde afrikarrari egotzi ezin bazaio ere, kontzertuan izan zen ezinegona eta amorrua eragin zidan osagairik: hamaika aldiz entzun behar izan genituen «thank you», «merci» edo «gracias» abesti bukaeran, baita «un, dos, tres... San Sebastian» lelo modukoa ere kontzertuari amaiera emateko azken txanpan! Eta bai, arrotz sentitu nintzen beste behin neure herrialdean!

Kontzertuari esker oneko euskal hitzak besterik ez zitzaizkion falta izan borobiltzeko. Ez ote da Jazzaldiaren antolakuntzan parte hartzen dutenen artean talde atzerritarrei euskara Euskal Herriko hizkuntza ofiziala ere badela esango dienik?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.