Irakurri berri dut Hasier Arraizen Hizkuntza-desleialtasunak artikulua, eta nahi nuke nire ikuspuntua azaldu tesi nagusiaren inguruan; tira, gogoeta pare bat hona ekarri, behintzat. Ondo ulertu badut, egileak «hizkuntza-desleialtasuna» proposatzen digu ama-hizkuntzarekiko (gaztelera edo frantsesa), hartara euskarari behar bezala heldu ahal izateko. Bide batez, defendatzen du orain arte hiztunen barnean egon diren arrazoi ideologikoak izan direla akuilu nagusia norabide horretan.
Lehenik eta behin, oso eztabaidagarria iruditzen zait azken baieztapen hori (ez dator bat, inolaz ere, nik euskaltegi eta zenbait girotan ezaguturiko errealitatearekin). Baina tira, edozein kasutan, barne-arrazoiak aipatzen hasita, Arraizi ahazten zaio, nik uste, badaudela beste «arrazoi» batzuk, ideologikoak baino askoz indartsuagoak izaten direnak gure barnean.
Izan ere, eta jada hari nagusiari helduz, ez da psikopatologian aditua izan behar jakiteko jaiotzen garenetik ama-hizkuntza gure identitatearen funtsezko parte bihurtzen dela. Betirako. Gero, nahi adina hizkuntza ikasiko ditugu, bai, baina ama-hizkuntza hortxe geratzen da, atxikita, «leku» nuklear batean.
Hannah Arendt pentsalariak modu grafikoan adierazten zuenez, ama-hizkuntza beti eramaten zuen buruaren atzealdean («in the back of my mind, bere hitzetan esanda).
Aukera aprobetxatuz, euskaldun berri naizen aldetik (ez diot uko egin nahi nire kondizio horri, zer egingo diogu!), haratago ere joan nahi nuke gaurkoan. Izan ere, euskara ikasi dugunok bake pixka bat behar dugu, lagunok. Beste modu batera adierazita (tonu nekatuan): nire ama-hizkuntza, gaztelera, asko maite dut, hizkuntza (eta kultura) horrek bizitzan zehar emandakoa pila bat maite dut (frantsesari buruz antzeko zerbait esango nuke), eta, inportanteagoa dena, gaztelera sekula ez da oztopo izan niretzat euskara ikasteko, euskara ikaragarri maitatzeko eta euskara egunero erabiltzeko (berari lehentasuna emanez, gainera, eta euskal kulturari nire ekarpena eginez).
Beraz, teoria bitxiak alde batera utzita, ea lortzen dugun euskarari prestigioa ematea eta gure artean maitatua izan dadin. Bestela, alfer-alferrik ariko gara, eta frogak hortxe ditugu, gero eta agerikoagoak. A, eta hori transmititu egiten da, ez dago beste biderik; sermoiek-eta ez dute fitsik balio.
ZUZENDARIARI
Ama hizkuntza eta euskara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu