Behin batean, Altsasun (Nafarroa, Euskal Herria), ordu txikietan, taberna batean liskar bat gertatu omen zen, herriko gazte batzuen eta bi guardia zibilen artean; azken horiek beren neska-lagunekin omen zeuden. Istilu haien ondorioz, guardia zibilak eta beraien bikotekideren bat suertatu omen ziren zaurituta. Horixe da hantxe zegoen jendeak kontatu zuena, eta baita guardia zibilak berak ere hasiera batean onartu zuena. Halaber, idatzi zuen Foruzaingoak bere txosten ofizialean, eta, gezurra badirudi ere, momentu hartako barne ministroak orobat adierazi zuen gatazka hura gorrotoaren ondorioa izan zela, eta ez inola ere terrorismo ekintza.
Hasiera batean, Iruñean bertan epaitu behar omen zituzten liskarraldian inplikatutako gazte haiek, baina, geroxeago, eta modu misteriotsu batez gainera, mingain gaizto batzuk —asko—, interes ilun batzuei erantzuten zietenak, bat-batean bertsioa aldatzen hasi ziren. Altsasuko taberna hartan gertatu zena ekintza terrorista izan omen zen, aldez aurretik ongi antolatua, eta segada hartan berrogei eta hamarren bat pertsonak parte hartu omen zuten lauren aurka, talde terrorista baten alde —ez dakigu zein talderen alde, zeren eta ETA erakunde armatuak, duela bost urte bukatutzat eman baitzuen behin betiko bere borroka jarduna—.
Irreala badirudi ere, Altsasuko zortzi edo bederatzi neska-mutil gazte atxilotu eta Madrileraino eraman zituzten deklaratzera, nahiz eta denak prest egon deklaratzeko; baten batek, uste dut, ordurako egina zuela deklarazioa. Bestalde, herrian jarraitzen zuten guztiek, lanean eta ikasketetan. Hala ere, Madriletik oso arriskutsuak zirela esan zuten, eta ihes egiteko probabilitatea arrunt handia zela,horrexegatik gehienak espetxeratu zituzten.
Mingain pozoitsuen arabera, Altsasuko elkarbizitza giroa oso aldrebestua omen zegoen, eta horrexegatik ezinbestekoa omen zen okupazio poliziala, nahiz eta Nafarroako guardia zibileko goi kargu batek baieztapen hura ukatu.
Euskal Autonomia Erkidegoko bozeramaileak orobat esan zuen beren estatutuan desmilitarizazioa guztiz legezkoa eta zilegi zela, eta ea zergatik Nafarroan ez. Altsasun espetxeratutako gazte haiek guztiak kriminalizatu nahi zituzten pertsona interesatu batzuek, gazteek «alde hemendik!» eta «ospa!» esateagatik, hitz haiek delituak balira bezala.
Bitartean, Altsasuko udalak osoko bilkuran, eta era berean Nafarroako Parlamentuak, manifestazio bat antolatu zuten azaroaren 26rako, herriko plazan, Altsasuren eta herritar guztien duintasun eta izen ona berreskuratzeko. Horrexegatik, indar handiz eta garrasika zera oihukatu zuten: Altsasu, altxatu! Altsasu, altxa zu! Altsasu, altxa gaitzazu!
Eta hau hola bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Altsasuko plazan!
ZUZENDARIARI
Altsasu, altxatu, altxa zu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu