ZUZENDARIARI

Almerian bezain entzunezin

Oiartzun.
2015eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Sare sozialei kea darie; EITBk, euskararen bandera hartuta, albistegiak eta programak osatu ditu gaiarekin. Almeriako bi kazetarik euskara entzunezin egin nahi izan dute Espainian. Euskaldunok laidoztatu egin gaituzte, gure hizkuntza zaharra gutxietsi eta zapaldu egin dute. Eta sua atera zaigu ahotik, eta errukirik gabe zigortu ditugu Almeriako bi kazetari ezjakin tentelak: «Euskara Espainiako mintzairetako bat da; beraz, nonahi erabil daiteke, baita Almerian ere, kazetari batek euskaraz galdetzen badu». «Guardiolak egin zuen Bayern Munichekoarekin Santiago Bernabeura joan zenean, eta guk ere eskubide berbera dugu»...

Eta hitzok Euskal Herriko komunikabideetan entzun eta irakurri ditugu, euskaldunok gazteleraz aritzera behartzen gaituzten hedabideetan. Eta oihartzun handia eman diote gaiari, lezioak ematen saiatu dira, etekina atera diote... eta barrua astindu dit.

Euskararekiko errespetu falta ikaragarria izan dute Almeriako kazetari jakin batzuek. Hemengoek ez, ala? Garai batean, euskarazko galderak bukaerarako uzten zirenean, zer egiten zuten, bada, euskararen beharrik ez zuten Euskal Herriko hedabideetako kazetariek? Zutitu eta alde egin, eta gehienetan zarataka. Hobe genuke etxe barrura begiratuko bagenu.

Baina bada barrua astintzen didan beste kontu bat: Euskal Herriko taberna, lantegi eta abarretan ez zen egunotan beste gairik izango. Denak izango ziren Gaizkaren aldeko hitz onak, askok sututa hitz egingo zuen gainera, «erdaldun zikin lotsagabe horiek» izango zen gehienen ahotik irtendako esaldirik onberena. Hain sutsu mintzatu direnetako asko gaztelera garbian arituko dira, ordea, inork mikroa aurrean jarrita behartu gabe, beraiek askatasun osoz hala erabaki dutelako. Eta Almeriako kazetari tentel ezjakinak larrutzen jarraituko dute, euskararen defendatzailerik sutsuenak izango dira, pankartaren atzean jartzen diren horietakoak, lantegian, lagunartean eta etxean euskara erabiliko ez badute ere.

Gaizka Garitanok bere ibilbide profesionalari kalte egin diezaiokeen erabakia hartu zuen igandean Almerian. Erabaki arriskutsua bezain txalogarria euskararen unibertsotik ikusita, baina inongo onurarik ekarriko ez diona. Euskal Herriko hedabideek, politikariek eta abarrek, baina, ederki baliatu dute gaia zurikeriatan aritzeko.

Gaizka Garitanok euskaraz hitz egin nahi izan zuen igandean Almerian, eta ez zioten utzi. Eta gu nork behartzen gaitu gazteleraz egitera? Eta nork ez digu uzten Euskal Herrian euskaraz hitz egiten?

PS: Nondik etorri zaizkio elkartasun mezuak Eibarri? FC Bartzelonatik eta Munichetik, Guardiolaren ahotik. Eta Athletic eta Reala, isilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.