Gizona, zuria, medikua, arreta espezializatukoa, zerbitzuburua, EPE dopatuetan murgilduta...
Pribilegioa eta inpunitatea, jainkoa eta lege zaharra. Ondo ez dabilena aldatzeko hartu beharko litekeen justu kontrako norabidea. Pradales lehendakariak statu quo-ren aldeko erabakia hartu du. «Hau beti horrela egin da»-ren aldeko asmo adierazpen argia.
Osakidetzan norabide aldaketaren aldekoak garenok bagenuen susmoa ez zetozela garai onak. Baina Alberto Martinezen aukeraketak agerian utzi du indar berria-ren lelopean egiteko modu zaharren aldeko apustua zegoela.
Gizon zuriaren betaurrekoen bitartez begiratuko dio munduari Osasun Sailak. Inportantea dena ardatz, albo batera geratuko dira emakumearen osasunaren inguruko arretak, publikoan abortatzeko eskubidea, langileen kontziliazio eskubideak eta zaintza lanak orokorrean, emagin faltaren arazotxoak...
Arreta espezializatuko mediku bat aukeratzea ere ez da erabaki inozentea. Lehen Arretaren egoera itogarria osasungintzaren arazo larrienetarikoa den honetan, esparruarekin inolako erlazioa ez duen norbait Osasun sailburu izendatzea oso esanguratsua da. Pradalesek salatzen dugun ospitalezentrismoa indartzeko erabakia hartu du.
Alberto Martinez Gurutzetako Anestesia Zerbitzuko burua izan da orain arte, eta burura datorkigu 2022ko abenduko jauntxoen matxinada. Garai hartan, Osakidetzak zerbitzuburuen pribilegioen kontrako erabaki batzuk hartu zituen, eta erreakzioa etorri zen. Zerbitzuburuena pribilegioen mundua da, ahalguztidunena. Nork operatzen duen, zer operatzen duen, nork lan egiten duen, nork merezi duen ikerketa jakin baten parte izatea, nori egokituko zaizkion abenduko zubiko guardiak... erabaki horiek guztiak eta askoz gehiago zerbitzuburuaren atzamar jainkotiarraren menpe daude.
Eta halako errealitatea zure egunerokotasuna denean, EPEetako iruzurra ezin duzu gaizki ikusi, dena baitago helburu nagusiago baten menpe; egin bedi zure nahia zeruan bezala lurrean ere.
Osakidetzan norabide aldaketaren aldekoak garenok badakigu elkarrekin borrokatzeko beste aukerarik ez dugula. Belaunaldi ezberdinen izerdiaz eraikitako amaren etxe hau zutik mantenduko dugu.