ZUZENDARIARI

Alardeatzeak

2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Alardeek ematen dute zeresanik. Garaipen militarra ospatzeko, tradizioa lege, gizonezkoak gudari San Martzialen. Emakumeak, parte hartu nahiz, parekidetasuna aldarrikatuz. Ikuskera talka. Kultura talka. Matxismoa - feminismoa. Genero kontuak. Omen.

Eta badira, baina ez soilik. Generoarena kontzeptu handiago baten baitakoa da: Boterea-duintasuna. Bizipenetan, alardea -sufrikarioa.

Euskal usainik ez du alardeak. Ez diot pareko hitz jatorrik aurkitu. Jatorretik gutxi baitu: «Handiustez, hantukeriaz nagusitasun egoera batez agertzea» irakurri dut. Asko esaten du definizioak, zapaltzaileaz. Matxismotik badauka. Bestelako atzeak, ere, alardeak.

Orduan ere, izorratu ginen euskaldunok elkarren artean, arrotzen gozamenerako. Gaztelak 1200etik menperatuak zituenek, bere laguntzaz, menperatu nahi zituenei. Egungo giputxiak, egungo nafar erkidegokoei. Albako dukeak hasi zuen, gogor, 1512an. 1522koa, nafarren berreskurapen saioa izan zen, lagun-senide franko eta soldatapeko aleman batzuen laguntzaz. Noaingo gudu fatidikoaren osteko batailatxoa da Aldabe mendikoa. Egun gutxitan Amaiurko eta Hondarribiko dramatikoak etorriko ziren.

Eta, ezin ahulak indartsuaren erasoari eutsi. Botere gosearen ahalak menpean hartu zuen, beste behin, kultura propioan izatasun duinarekin bizi zena. Jabetu, ustiatzeko.

Egungo emakumeek jaietan parte hartze aktiboa nahi izatea ulertzen dut. Min egiten dit, baina, ahalduntze prozesuaren barnean, alardean parte hartu nahi izateak. Samina eragiten dit, zapaldua izan denak, ahaldundutakoan, zapalduaren zapalketa ospakizunetan parte hartzea, matxistekin parez pare. 1522ko gizon iruindarrek Gaztelakoekin (beren jabearekin) egin zuten bat, anaia nafar oraindik burujabeen kontra egiteko. Burugabetzeko. Eta garaipenaz alardeatu.Irudikatzen ditut era zentzuzkoagoak genero talka ospatu baino, oroitzeko. Nire desioa da 2022ko Irungo jaietan argi printzarik ikustea, tunel luze beltz honetatik ateratzeko ahalmena eta gogoa dauzkagun erakusgarri. Duintasuna ospatu daigun, duintasunez, parez pare.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.