ZUZENDARIARI

Alaitz kalera! Gazteok zurekin

Iratxe Letona.
Ernai Aiaraldea
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Hamahiru urte. Ehunka kilometro. Bisitak, gutunak, paketeak, deiak. Miaketak, isolamendua, kontrolak. Hamahiru urte luze joan dira, eta bat errutinara ohitzen omen dela diote zenbaitek. Baina gu ez gara sekula zure hutsunera ohituko.

2007ko irailean atxilotu zuten Frantzian Alaitz Aramendi orozkoarra. Ordudanik Parisko auzitegietan ezarritako zigorra betetzen egon da hainbat kartzelatan. Fresnes, Poiters-Vivonne, Bapaume, Roanne eta Rennes ezagutu ditugu sakabanaketaren izenean senide eta lagunok. 1.000 kilometrotik gora gure alaba, ahizpa, izeko, laguna zein herrikidea ikusteko.

Bost urte luze igaro behar izan ziren atxiloketatik epaiketara arte. Horixe dugu gaurko Frantziako nahiz Espainiako auzitegi faxistek darabilten modus operandi-a. Epaitua izan ez, eta kartzelan urteak igarotzera kondenatzen zaituzten auzitegiak dira hauek. Alaitzek, gainera, Jarraipen Bereziko preso gisa izendatua izatearen ondorioz, kontrol hertsi eta miaketa sistematikoak pairatu ditu kartzelaldian. Gaueko ordu txikietan esnatu beharra, zaratak, argiak piztea, biluzketak, ziegetako leihatilak irekitzea... Benetan ohitu daiteke bat honetara? Benetan ohitu behar du?

Presoek jasaten duten indarkeria fisikoaz gain psikologikoa ere bada hemen, euren pribatutasuna eta duintasuna guztiz galtzea nahi duten bitartean. Honi guztiari, kartzela bezalako leku heteropatriarkal batean biziraun beharra gehitu behar zaio. Bakartzeak eta gainerako euskal preso politikoetatk urruntzea, nahiz elkartasun bideen hausturak etengabekoak dira. Sakabanaketa maila bortitzagoan jasan beharra ere izan du Alaitzek, ez baita emakumezkoen modulurik gertuago Frantzian. 2017an sei hilabete igaro zituen Espainian, Entzutegi Nazionalean epaitua zen bitartean. Berriz ere isolamendua eta kartzela batetik besterako mugitzeak. 535 urteko kartzela zigorra eta kalte ordainei aurre egiteko isuna ezarri zioten Madrilen.

Urtarrilaren 7an, Frantzian ezarri zaion zigorra beteta Espainiaratua izan zen gure herrikidea, Parisko Dei Auzitegiak euroagindua onartu ostean. Berrogei urteko zigorra bete beharko du Espainiar estatuan, Frantzian bete dituen hamahiru urte luzeez gain. Eta kilometroak, deiak, bisitak, paketeak berriz. Baina gu ez gara ohituko. Eutsi, Alaitz! Aiaraldeko gazteok zurekin gaude! Euskal preso politiko guztiak etxean izan arte, jo ta ke!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.