Donostia

Alaia Martini

Jose Manuel Bujanda Arizmendi
2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Orain dela hilabete pase, aurreko abenduaren hirugarren asteburuan hain zuzen  ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala ikusi, entzun eta dastatzeko aukera paregabea izan nuen. Etxeko telebista aurrean nintzen. Arretaz, gogotsu, gustura, pozik eta alai. Alaitasuna nuen barnearen barnean. Giro alaia. Alaia bai Belodromoan, alaia etxean. Lau bilobak inguruan nituen: Noa, Natale, Eki eta Kai. 12, 10, 4 eta 2 urteko nexka-mutikoak. Guztiok alai. Ni neu, aitona Joxe, telebistari adi. Bertsolari batzuk ezagunak, oso, beste batzuk ez hainbeste, bat adiskide baten semea, bestea bertsolari baten semea. Gustura eta alai. Halakoan Alaia Martin oholtzan, Ganbarako gaia: kazetariaren tokitik oilo ipurdia sortu zizun gai bati buruz aritu behar.

Alaia bertsotan hasi da. Eta halako batean nire biloba zaharrenak, 12 urteko Noak: «Aitona Joxe, negarrez ari zara, zergatik aitona?». Ezin erantzun, nahiz eta arrazoia izan Noak. Ezin erantzun eta etxeko sukaldera abiatu nintzen negarra bakardadean lasai egin ahal izateko.

Sukalde beretik Xabier Euzkitze adiskideari mezua bidali nion telefonoz, urduri eta neure burua lasaitu nahi eta beharrean: «Xabier, negarrez ari nauk, bidali arren eta mesedez mezu hau Alaiari: ‘Alaia, Jose Manuel Bujanda naiz, zu entzutean negarrari ekin diot. 1975eko otsailean polizi frankistek atxilotu ninduten Iruñean eta Gobernu Zibileko ziegetan torturatua izan nintzen gupidarik gabe. 71 urte ditut eta nahiz eta 50 urte igaro, zuri entzutean torturatu bati buruz arituz, barrua guztiz astindu, inarrosi eta mugitu zait. Alaia, bihotzez, eskerrik asko. Mundu honetan nagoen bitartean ezin ezabatu infernu hura’».

Nola esan eta adierazi 12 urteko Noa bilobari zergatik ari den bere aitona Joxe malkotan telebistari begira. Nola esan, adierazi, zer, noiz, non, zergatik, zertarako, nolako hitzez? Sarri neuri buruari galdetutakoak, duda-mudak eta zalantzak. Baina arratsalde hartan erantzuna jaso nuen alai: Alaiarentzat egin behar latz hori. Bertsoak erabil ditzala.

Biba zu, Alaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.