Eskerrak BAME barruko mediku egoiliarren puntuazio onenak atera dituztenetako bi euskaldunak diren! «Mediku ona ala euskalduna» klitxea, zakarrontzira. Baliteke puntuazio txarrenak lortu dituztenen artean erdaldun euskaldundu ezinen bat izatea.
ETB (de Segovia)-k beste saio bat estreinatu du, goiko izen xelebre hori duena.Dirudienez, kontua da autokritika egitea. Esate baterako: «Estatubatuarrak maiz suizidatzen gara edo, bestela esateko, zuriok beltzak akabatzen ditugu».
Ez dakit nik nori bururatu zaion saio hori sortu eta astero-astero errepikatzea, baina lepoa egingo nuke euskaldunok erdaldunez barre egingo bagenu, honezkero norbaitek isilarazi gintuzkeela.
Akelarre nori bururatu, nork antolatu, nork aurkeztu eta nork astero diruak etxera eraman, euskaldunoi barre egiteagatik, kulpante izanik edo ez izanik, igual dio. Hor ikusten da emakume bat, trenbideko edo trenkarrileko umorista, nonbait. Umorista batzuek polifazetikoak izateari esker, akaso traizioa bai, baina gosea zer den ez dakite: oraintxe ETBn, oraintxe multinazional bateko aholkulari edo garbitzaile, oraintxe Amazoneko enkargutan.
Akaso horregatik jarriko zuten, baina andre horrek, arbaso artistikoek bezala, ez daki euskaraz (jendeak zergatik ez daki euskaraz?, irakasleek ere ez dakitelako ote?), ez daki non bizi den, inguruan nor bizi den... euskaldun gehienek bezala. Eta farandulako arbaso horiek bezala, barre eginarazten du euskalduna izatearen desastrea barregarri utziz. Aitzindariak: Los Xey, Chimberos, Bocheros, Pello Quirten edo ETB1eko larunbat gaueko saioko protagonistak. Mexikon edo Altzibarren bizi... espainolak dira, graziarik ez dute, eta grazia erauzi behar diote euskaldunen izateko modu xelebreari: harriak jasotzen dituzte, ez dakite hizketan, ez dute ligatzen, mekauenka hitzetik hortzera, zerriek bezala jan eta arrainek adina edaten dute...
Publiko espainol zorrotzak auzokoari debalde barre egin baino besterik nahiago ote du?
Txistea zein den? Guk ordaindutako zergetatik bizi direla horiek ere. Agindu politikoa norbaitek emango zion, ezta? Apunta, M-28rako, gutxienez.
Orain ia 40 urte (zer moduz Estatutua, jeltzaleok, agonia luzea du, ezta?), euskaraz ikasi eta jakitea nolabait (nolabait) obligaziotzat sartu zuen araua jarri zen indarrean. Luis Mari Bandres kontseilariari euskaraz ez zekiten administrazioko langileekin zer gertatuko zen galdetuta, erantzuna naturala izan zen: «Zer nahi duzu, kalean jartzea?». Konforme, baina orain beste 35 urte pasa dira... eta ura bere bidetik.
ZUZENDARIARI
'Akelarre', ETBlarre, ETB larri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu