ZUZENDARIARI

Aitatxi, aita, anaia, laurok eta Joanes

Gaizka Aranguren.
Iruñea
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Gaur, semea daukagu espainiar epaileen aitzinean. 2014ko urtarrilean, anaiaren hirugarren atxiloketa zela eta idatzi nuena etorri zait gogora:

«Aitatxi (Gaizka Urrotz, Orreagakoa), 1937an atxilotu eta, bi heriotza zigor kommutatuta, espetxeratu zuten. Eusko Gudarosteko Irrintzi batailoiko gudaria izan zelako. Esklabo lanetatik ihesi, Venezuelako EAJko arduradun izan ondoren, 41 urte zituela hil zen. Caracasko euskaldunen hilerrian dago lurperatuta.

Aita (Jose Ramon Aranguren, Iruñekoa), 1998an atxilotu zuten. Espetxeratu eta, 18/98 prozesuan, 49 urteko kartzela zigorra eskatu zuten harentzat. Egin egunkariko Administrazio Kontseiluko Lehendakariorde zelako. Bere bihotzak ez zuen jasan. 70 urte zituela, 2009an, bihotza lehertu zitzaion. Aitaren seme zaharrena 26 urterekin atxilotu zuten. Espainiar armadan soldadutza egiteari uko egin zion. Intsumisio delituagatik ia bi urte eman zituen preso. Asier, anaia, 21 urte zituela espetxeratu zuten lehen aldiz. Urtebete egin zuen barruan, intsumitu izateagatik ere bai. 10 urte geroago, 31 zituela, berriro atxilotu zuten. Orduan ETAko kide zelako. 8 urte eman zituen giltzapean […]».

Bai, 2014ko urtarrilean berriro atxilotu zuten Asier, eta bertze urtebete luze egin zuen espainiar leotzetan.

Gaur, Joanesek, 18 urteko semeak Espainiako Auzitegi Nazionalaren aitzinean deklaratuko du goizeko 10:00etan. Bere konpromiso politikoari jarraikiz, 2020ko urriaren 12an, Iruñean, egindako ekintza sinbolikoen harira.

1937tik 2021eraino. Familiako bost kide. Lau belaunaldi jarraian espainiar epaileen aitzinean arrazoi berberagatik. Duela sei urte errandakoa errepikatu beharrean nago: Bostok xede politiko berbera izan dugu: Euskal Herri librea. Nafar Estatu soberanoa. Euskaldunondako aterki txiki baina sendoa.

Gurea ez da salbuespena. Belaunaldiz belaunaldi, herri honetako milaka familiak pairatu dute auzokide ditugun inperio zaharkituen jazarpena. Anaiaren abokatuari dei egin diogu semea defenda dezan.

Eta orain, espainiar epaileen aitzinean deklaratu behar duenarendako mezua:

Joanes, seme, birraitatxi Gaizka, aitatxi Jose Ramon, osaba Asier eta laurok, familia guztia, harro gaude zurekin. Zuekin.

Maite zaitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.