Ene Kantak-eko Eneko

Agur, Ene Kantak polita!

Urko Oskoz
2024ko uztailaren 6a
05:00
Entzun

Asto polita, hamahiru urte igaro dira Nerea Urbizuri Arrosadiko kafetegi batean proiektua aurkeztu nionetik. Egia esan, bi aurkeztu nizkion. Lagun handiak ginen bi irakasleok eta neska zoragarri hau, musika arloan makina bat zela banekien. Izena ere jarri nion ideiari: Ene Kantak; hots, gure kantak, Euskara Nafarroan E(re)bai eta Eneko nire semearen izenaren laburdura. Gerora, kudeaketa lana egiteko beste kide bat elkartu zitzaigun, Pelu.

Hasieran disko bakarra egiteko asmoa genuen, baina arrakasta ikusita eta nik zuzenekoak egin nahi izanak aurrera egitera bultzatu gintuen.

Dena ongi joan zen hasieratik; Xabi, Aitziber, Uxue eta Liebana ezer eskatuta eta dena emanez, gurekin batera elkartu ziren zuzenekoak egitera. Baina azken honek utzi egin zuen, eta Oiane bihurtu zen antzerkiko Nerea berria, beste irakasle ero eta ausart bat. Teknikari lanetan Teto eta Oskarrek ere gurekin batera egin zuten hasieratik antzokien ibilbidea, bikainki.

Emanaldi asko egiten genituen, eta denak arrakastatsuak. Pasioa transmititzen denean, halakoak gertatzen ohi dira; Nafarroa Arena ere bete genuen.

Eta EITB etorri zen. Hiru urte eman nituen bertan, baina hezkuntzarekiko pasioak eskoletara bueltatzea eskatzen zidan. Programak telebistan jarraitu zuen eta nik zuzeneko emanaldiekin jarraitzen nuen.

Baina egun batean, nire kideek nirekin ez kontatzea erabaki zuten, eta amets eta talde zoragarri honetatik kanpo geratu ginen antzerkiko Nerea (Oiane) eta biok. Pena, amorrua, negarrak... baina egindakoagatik harrotasuna da sentitzen dudana. Euskara bultzatzeko pasioa eta ideiak ez zaizkigu falta lehengo Nereari (Oianeri) eta ero honi, Urko (Eneko antzerkian), eta talde berria sortu dugu gure hizkuntza babesten jarraitzeko: Gora musika izena du, eta beti bezala, dena ematen jarraituko dugu.

Eskerrak eman nahi dizkiet denei Ene Kantak-en emandako urteengatik. Zorte handia hemendik aurrera. Baina malkoak lehortu eta aurrera. Mila esker euskara bultzatzen duzuen denoi ere, Gure Zirkua, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Kantu Kolore, Makusi eta hainbat eragile ezezagunei.

Faltan botako zaitut, astotxo. Gora musika! Gora euskara!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.