Agerikoa da agertoki bi besterik ez dituen sistema batean blokeatuta aurkitzen garela. Bata hazkunde ekonomikoari dagokio; ondorioz, klima kolapsatzen da. Bestea, krisi ezberdinei; ondorioz, jendea txirotu eta hiltzen da. Baina ez dago tarteko eszenatoki egonkorren bat? Ez, ez sistema kapitalista bat dugun bitartean. Izan ere ekoizpen eredu kapitalistak gehienezko etekinak sortzea dauka helburu bakartzat. Eta egoera honek eszenatoki bortitz berriak ezagutzera zigortzen gaitu nahitaez.
Nik neuk goraldi ekonomikoak gorroto ditut. Batez ere burbuila ezberdinetan oinarritzen direnak. Gezurrez puztuak daude, jendeak faltsu jokatzeari ekiten dio, ez daukaten dirua erabiltzen hasten dira, eztabaida politikoa gezurretan oinarritzen da, adiskidetasuna azalekoa bilakatzen da.
Krisi garaietan, ordea, kapitalismoari buruz daukagun pertzepzioa berrikusi dezakegu. Izan ere, kapitalismoak egoera horretan erakusten duen irrazionaltasuna agerikoagoa izaten da. Horra, adibidez, energiaren etekinen gaineko zerga dela-eta Josu Jon Imazek erakutsitako haserrea. Nahiz eta iraganean zergei esker bere ikasketak burutzeko aukera izan zuela aitortu. Mundua, kapitalistek ez, baizik eta akademikoek zuzentzen dutelakoan.
Erraldoia izan da azken urteetan pairatu dugun botere aldaketa. Txiroetatik aberatsetara, soldatapekoetatik enpresaburuetara, demokratikoki aukeratutako ordezkarietatik nazioz gaindiko erakundeetara. Egoera honek, ordea, lotura zuzena dauka hartutako erabaki politikoekin. Izan ere, gobernuburu ezberdinek aspaldi egin zuten botere publikoa txirotu eta pribatua aberasteko hautua. Erabaki politikoak dira, ez egoera ekonomiko ezberdinek baldintzatutako ondorioak. Horregatik, Urkullu jaunak uler dezake bere adiskide den Josu Jon Imazen haserrea, zergen igoeren ondorioz. Eta, aldi berean, hainbat eta hainbat langile soldata duinen alde antolatu eta Ertzaintzak nola jipoitzen dituen ikusten duen bakoitzean, azken hauen lana goraipatzen du.
Edonola ere, enpresaburu zein politikari hauen tankerako pertsonak zerbaitetan trebeak direla iruditzen zait. Burugabe eta zuhurtzia gutxiz une oro arpilaketan dabiltzan bitartean, beti lortzen baitute publikoki jipoituak ez izatea.
ZUZENDARIARI
Agerikoagoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu