Donald Trumpek esandako azken astakeriak erreakzio ugari eragin ditu, baina ez gaitu ustekabean harrapatu, aurretik beste batzuk esan baitzituen, Groenlandiakoak edo Panamako kanalekoak. Orain arte Palestinaren gaia Joe Bidenekin ankerra izan bada, Estatu Batuen armekin Israelgo armadak ospitaleak ere bonbardatzen baitzituen, badirudi ez zela nahikoa; izan ere, orain Trumpek marka guztiak hautsi ditu: AEBek Gazako zerrenda hartzeko asmoa dauka, eta palestinarrak kanporatu nahi ditu. Alde egiteko gomendioa Israelek ur- eta argi-mozketekin edo lur-lapurretarekin ezartzen dizkien bizi-baldintza txarren aitzakian egin da. Trumpek esan duen horrek argi uzten du Mendebalde osoa dela Palestinako herriaren aurkako genozidioaren jakitun; beraz, nire ustez, urriaren 7ko atentatuak ez luke harritzekoa izan behar, eta, gainera, Israelek legea bete izan balu, saihestu egin zitekeen.
Esan beharra dago Trumpek aurreko legegintzaldian ezarri zuela Estatu Batuen enbaxada okupatutako Jerusalemen, eta gero Marokorekin negoziatu zuen herrialde horrek Israelgo estatua onar zezan, AEBek Mendebaldeko Sahararako legez kanpoko autonomia plana onartzearen truke. Horren ondoren, eta Gaza bonbardatzen ari zirenean, Bidenek, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan Estatu Batuen beto-eskubidea erabiliz, Mendebaldeko aliatuen isiltasunarekin eragotzi zuen Palestina eskubide osoko kide gisa sartzea NBEn.
Azken hori diot argi gera dadin gure politikari gehienek ez dutela ezer esan israeldarren bonbardaketa kriminalei buruz. Horren harira, eta AEBek sustatutako arma-testuinguru honetan, Pedro Sanchezek amore eman die Trumpen presioei, eta datozen hilabeteetarako arma-gastua nabarmen handituko duela iragarri du. Beharbada, Sanchezi ahaztu egin zaio osasun publikoko itxaron-zerrendetan 850.000 pertsona daudela. Argi dago etorkizun duina izan nahi badugu herritarrok mobilizatu egin behar dugula interes soziala bermatzeko.