Administrazioan lanpostua izateko euskaraz jakin behar omen da derrigorrean. «Euskara ez jakiteagatik sartzen ez uztea ez da inon gertatzen Euskadin. Inon ez, leku batean salbu: administrazioan» (Idoia Mendia). Gezur biribila. Administrazioan ez dago inor gaztelaniaz ez dakienik; euskaraz ez dakitenak, ostera, ugari. Azken urteetan mediku espezialista zenbaitengana jo behar izan dut: dermatologoarengana, traumatologoarengana, eta urologoarengana (Donostian eta Zarautzen). Kontsultara sartu eta nik «egun on». Erantzuna, kasu guztietan, «buenos días». Erregistroa aldatu eta gaztelaniaz, halabeharrez. Bestalde, aspaldiko urteetan nirekin topo egin duten ertzainek, ehuneko laurogeik ez zekiten euskaraz.
«Hiritarrak euskaraz harremanak izateko eskubidea du, baina eskubide horrek ezin du lanpostu publikoa eskuratzeko eskubidea apurtu» (Andoni Unzalu, PSE-EEko kidea. BERRIA, 2016-09-18). Administrazioarekin euskaraz harremana izateko eskubidea aitortzen diozu hiritarrari, baina leihatilan harrera egin behar dion funtzionarioa, nahiz eta euskaraz ez jakin, ez dadila lanpostu horretatik kanpo geratu hiritarrari aitortzen diozun eskubidea dela medio. Zertan geratzen gara? Gauza bat eta haren kontrakoa aldi berean defendatzea ez da zilegi.
Hemen eta orain, euskaraz mintzatzen ez jakin arren administrazioan (Euskadin) lan egin dezakezu (makina bat ari da); aldiz, gaztelaniaz ez badakizu, jai daukazu.
ZUZENDARIARI
Administrazioan euskaraz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu