Askotan, gauza batzuk erakargarri egiten zaizkigu, ez konplexutasun aldetik, baizik eta beren sinpletasunagatik. Energia sortzeko aferan, baina, ezer ez da erraza, dena da zaila, eta batez ere, eskasa, Eusko Jaurlaritzak bere lurralde plan sektorialean adierazten duen bezala. Eta bertan azaltzen dena da biomasak pisu handia hartuko duela berriztagarrien artean.
Hala ere, parke fotovoltaikoak eta eolikoak dira hedabideetan gehien agertzen diren proposatutako baliabideak, munduaren beroketa eteteko, autosufizientzia lortzeko, eta dirudienez, nonbait, gu alde edo kontra jartzeko ere bai. Baina hauek argindarra sortzen dute, eta energia elektrikoa da kontsumitzen dugun guztizkoaren %25, bakarrik.
Esaten ez dena da 2023an Euskadin kontsumitutako energia elektrikoa sortzeko Labraza herriaren ondoan ezarri nahi den parke eolikoa bezalako 150 instalazio beharko liratekeela. Eta Araia-Amurrio parke fotovoltaikoari dagokionez, halako 2.510 instalazio beharko liratekeela, eta horretarako 9.610 hektarea okupatu.
Hortaz, energia gutxiago kontsumitzea da efizienteena eta hoberena planetarako. Hau, gaur egun, ez da errealista. Baina baliabide berriztagarrien bidezko autosufizientzia energetikoa ere ez, edo ez dirudi behintzat.
Gauza da, bizitegi erabilerako hiri lurzorua 14.030,95 hektareakoa dela Euskadin. Eta finkatu gabeko bizitegitarako hiri lurzorua, 2.123,72 hektareakoa. Hor bai sartuko litzaizkigukeela plaka fotovoltaiko guztiak! Eta ez genuke mendia urbanizatuko. Baina hau bai, konplexuagoa da. Honek eskatzen du zuzendari on bat, eta orkestra zuzendariaren parean.
Horregatik liluratzen gaitu R&R-ak, zeinak lau akorderekin gu dantzan jartzeko ikaragarrizko ahalmena daukan.