Erregeren presentzia edo sinadura beharrezkoa zen une larrietan, honako elkarrizketa hau entzuten ei zen Leongo Gorteko agintarien artean: «Non dago errege?», «Errege Babian dago». Esaera ezaguna da gazteleraz Estar en babia (errealitatetik at egotea), baina zenbaitek ez du jakingo Babia Leongo mendietako eskualdea dela, Asturiasko mugan, eta hara joaten zela Espainiako erregea ehizara edo auskalo zertara. Eta garai hartan ez zegoen telefonorik.
Eta niri iruditu abertzaleak Babian daudela COVID-19aren krisi honetan. Donostian ginen abuztu bukaerako manifestazio jendetsuan; denetariko jendea, baina ez zen euskara asko entzuten; ezagun mordoa, herrikoak edo irizkide izandakoak zertan edo hartan, baina etiketadun abertzalerik ez genuen bat ere ikusi, eta are gutxiago buruzagirik. Bulebarreko hitzaldietan euskara gutxi, eskerrak bi bertsolarik eman ziotela amaiera. ¡Los niños no se tocan! sarriago Haurrak ez ikutu! baino. Egia da Jota ke, irabazi arte! oihukatu zuela bazter bateko jendeak bukaeran. Hurrengo eguneko prentsan ehunka ziren manifestariak milaka beharrean. Eta pozik, oraingoan behintzat zerbait jarri dute.
Joan den larunbatean Baionan ginen. Jendetza handia. Hitzaldi guztiak frantsesez. Frantziako banderak, ikurrina batzuk ere bai (gure aurrekoak makila berean zeramatzan ikurrina handia etaFrantziako txikia). Ez genuen ezagun bakarra ikusi, eta hori gure ibilbide politikoagatik lagun asko dugula Iparraldean. Abertzaleak Xiberoko bortüetan ibiliko ziren ziur asko, Babia urrun samar geratzen baitzaie. Karrikaz karrikako ibilbide gozatsuan (tabernari eta dendari anitz txaloka, aurretik pasatzean), Non pass sanitaire! eta Liberté! oihukatu genuela aitortu behar, frantximentaz eta trikolorez inguratuta,inork ez baitzuen Askatasuna! aldarrikatzen. Ametsetan ote geunden pasatu zitzaigun burutik, edo zeharo zoratuta. Ai ene!
Ulertu daiteke duela urte eta erdi abertzaleak Babian egotea, gaitz berri eta erasokor haren aurrean babian baitzegoen ia mundu guztia, osasungintzakoak, politikariak, kazetariak zein oinezkoak, baina gaur egun berdin jarraitzea ez da erraza ulertzen. Txertoen gaiari soilik begiratuta, orain badakigu txertatuek zein txertatu gabeek arrisku berdintsua dutela gaitza harrapatzeko zein transmititzeko (eta hiltzeko),benetako datuek hori erakusten dute. Eta denok ezagutzen ditugu albo kalteak auzoan eta lagunartean. Eta badakigu haurrek eta gazteek gaitzagatik hiltzeko edo hondatzeko duten arriskua hutsaren hurrengoa dela. Hala ere inork ez du txintik esaten abiada bizian doan gaztetxoen txertaketaz, eta zenbaitek jaunartzera bezala daramatza seme-alabak ziztada hartzera, jakinik edo jakin gabe sartuko dietena jatorrizko birusari (alfa) begira asmatutakoa dela, eta ez dagoela garbi egun bolo-bolo omen dabilen delta aldaerarentzat zenbateraino balio duen, hori entzuten zaie behintzat hirugarren dosiari bidea prestatzen ari diren osasun agintariei.Miokarditis?Perikarditis?Balizko ondorioak epe erdi eta luzera? Baina zer diozu,konspiranoikoa!
Zertarako jarraitu. Nik uste abertzaleek, eskuineko zein ezkerreko, sindikatu nagusia buruan,badutela Babiatik eta Xiberoko bortüetatik jaisteko garaia. Bestela Leireko San Birilari gertatu zitzaiona gerta dakieke.
ZUZENDARIARI
Abertzaleak Babian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu