ZUZENDARIARI

3Dak: Deustuan, Duintasuna eta Desobedientzia

Deustua.
2014ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bidegabekeriak asko dira, badakigu. Egutegia elkartasun-eskaera eta salaketaz bete zaigu; ezin iritsi gabiltza, ezta? Gaurkoan, hala ere, ausartu eta zuen arreta Deustuan jartzea nahi dut, hango bi gazteri gertatutakoan.

Jon Telletxea eta Urtzi Martinez dira. Gertutik ezagutzen dituenak badaki ez direla haiek inola ere protagonista izan zaleak, baina konformatu zaleak ere ez, langile-kastakoak baitira. Hori bai, bidegabekeriak bezala, langileak ere askotarikoak gara; batez ere, gaur egun, gero eta gehiago, lanik gabeko langilez osatutako jendarte honetan. Izan ere, lana kontzeptu gisa ere aldatu egin zaigu: izan ala ez izan, duintzen omen gaituena; saria edo zigorra-kondena, loteria ere bai zenbaitentzat... azkenean, beharra pribilegio bihurtuta. Atera kontuak!

Urtzi eta Telle iraultzaileak direla esaten ere ausartuko nintzateke; dena diru-balioz neurtzen diguten garaiotan, benetan iraultzailea izatea zer da maitasunez edota musu truk jardutea (edo lan egitea) ez bada? Eta horixe da bi gazteon bekatu nagusia. Horrexegatik dihardute hainbat arlotan boluntario, adibidez, Deustuan; horregatik egon ziren Bilbon, beste milaka herritarrekin batera, 2012ko Greba Orokorreko manifestazio erraldoian, lan-erreformaren aurka eta lan- eskubideen alde: han egon beharra sentitu zutelako. Langileon Duintasunaren alde.

Baina, jakina, lege-ordenamenduak eta botere faktiko guztiek nahiago dute gure gazteak kalean barik nora ezean ikusi: ikasketa amaigabeetan, atzerriko edozein Erasmusetan globalizatuta, edo Lanbideren labirintoan galduta... Hartara, protesta gutxiago kalean, eta protesta eginez gero kontuz! Horra botere-egiturek gazteei egiten dieten mehatxua Desobedientziaren bidea aukeratuz gero, zoritxarrez, mendeku ere bihurtzen dutena. Bi deustuar horien kasuan, greba orokor hartan egindako margoketak aitzakia dira, eta bi urte eta erdiko kartzela-zigorra dute orain zain. Harrapazank!

Audientzia Nazionala ez da Astakeria Nazionalaren protagonista bakarra. Urtzi eta Telle Auzitegi Probintzialeko amaraunean katramilatu dituzte ia hiru urteko prozesu kafkarrean, eta ertzainen akusaziopean zigortuko dituzte. Azkenean, bere kabuz kmunartzelara joateari amarru polizial-judizial osoari men egitea litzatekeela iritzi diote, eta desobeditzea aukeratu dute: ezkutatu dira, babestu dira, Desobedientzia dutelako Duintasuna ozen aldarrikatzeko utzi dieten bide bakarra. Errespetua nahi dute, horra.

Erantzutea da egin dezakegun gutxienekoa. Ez ditugu bakarrik utziko. Hitzordua Deustuan, urriaren 11n, San Pedro plazan: Aske Gunea. Zatozte. Demasa izango da.

Deustuan egun horretan Desobedientzia eta Duintasuna ibiliko dira eskutik helduta, eta Jon Telletxea eta Urtzi Martinezekin batera egingo dugu aldarri. Denok grebalari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.