Gasteiztik Donostiara dagoen distantzia, Michelin Gidaren arabera: 103 kilometro. EAE txiki honetan, horiek dira Jaurlaritzak eginarazi dizkigun kilometroak laneko osasun-azterketa Lakuan erdaraz egin nahi izan ez dugun langile raritoei. Eta holaxe iritsi gara, euskaraz artatu behar gaituen klinikara.
–Gasteiztik gatoz...
–«Son los de euskera…» —batak besteari ahopeka.
Gu ez oso eroso, informazio-ohar elebakarrez inguratuta gaude eta (Recoja su muestra de orina, Admisión al final del pasillo...). Eta iritsi da ordua. Lehenengo probak, erizainarekin, ondo. Bigarren multzokoak, medikuarekin, ondo. Baina hirugarren txandakoak, begietakoak eta, ooo...!, loteria: batzuei medikuek euskaraz, beste batzuei erdaraz.
Tonto-aurpegia gelditu zaigu. Eta bagoaz egiaztagiriaren bila, eta «El trabajador (sic) bla-bla-bla…». Kaka zaharra!
«Ekintza positiboaren printzipioa: euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek neurriak hartuko dituzte euskararen erabilera mugatzen duten oztopoak ezabatzeko, bai eta euskararen erabileraren kalterako diren bereizketak, bazterketak, murrizketak edo justifikaziorik gabeko lehenespenak ezabatzeko ere».
Ez dira gure hitzak, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa den 19/2024 Dekretukoak baizik.