Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Zumiriki bat Urbasan

2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Uda betea da. Larunbat arratsa herriko plazan, haizea dabil, jakak eta mahuka luzeko atorrak ez dira urri. Otsaileko astearte batean lotara dozena bat biztanle biltzen ez dituen herrian, 50 lagun pantailaren aitzinean Etxabarriko Larraitza elkartean.

Oskar Alegriaren Zumiriki filma proiektatu behar dugu. Publikoan ez da ninirik falta, eta batek baino gehiagok hur du mendea. Bi orduz perlesiaturik jarraitu dugu Alegriaren bidaia. Filmaren kredituak ere arretatsu leitu ditugu.

Zumiriki bat da filmaren zioa. Irla bat, Arga ibaiaren erdian. Ustezko aurrerabideak, presa baten eraikitzeak duela hamar bat urte urperatu zuen lur zatia da zumirikia. Oskarrek alderdi hartara bidaiatzea proposatu digu. Ronbison bat, haurtzaroaren paradisura itzuli nahian, odisea geldoan. Oroimen ariketa mentala zein fisikoa.

Proiekzioaren ondoren, Alegriak, ohi duen gisara, entzuleak limurtu, liluratu ditu. Solasaldiak garbi utzi du ikuskizunak haurtzarora eraman dituela ikusle ez gutxi.

Ilundu du, jendea gose da. Berehala desagertu dira elkartearen barra hornitzen duten urdaiazpiko eta tomatearekin eginiko ogitartekoak. Gauerdia hurbil etxeratu gara, nork bere zumirikia kolkoan. Badu kutunetik uharteak.

Uztail hasieran, egun bakarrean, zumiriki bat urperatzeko adina ur bota zuen Urbasan. Erauntsiak ehun litro metroko pasatxo ekarri zituen mendilerrora. Egun hartako euriak bermatu du urmael, idoi, putzu, iturri eta errekatxo anitzen emaria uda honetarako. Azienda ez da irail-urrira arte Urbasatik jaitsiko. Gainera, azkenik, etxean dugu gure kutuna: izeba Bernardina etorri da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.