Espetxe sistemaren historian atzera egiten badugu, XVI-XVII. mendeko Galera etxeetara helduko ginateke. Garai hartan, gizonak plaza publikoan tortura bidez (edo heriotzarekin) «epaitzen» zituzten, eta emakumeak, berriz, gaur egungo espetxe sistemaren antzeko helburuarekin sortutako atxiloguneetara eramaten zituzten. Eremu pribatuan, haiek giltzapetu eta ber-hezteko sortu ziren etxe horiek, eta moja batzuek gobernatzen zituzten bertan zeuden «anti-emakumeak». Haien izaera naturalaren kontra jokatu zutela uste zen, eta, horregatik, bide «onean» jarri nahi zituzten, moral kristaua eta etxeko lanen inguruko tailerrak eskainiaz. Etxe horiek kalean bizi ziren emakumeek betetzen zituzten, ezkonduta ez zeudenek, putek... hau da, gizonen tutoretzatik at bizi ziren emakumeek.
Mendeek aurrera egin arren, espetxearen helburu horiek nahiko moldagaitz jarraitu dute. Birgizarteratzeaz hitz egiten bada ere, ikerketek argi erakutsi dute hori ez dela betetzen. Haien ingurunetik erauzi, sakabanatu eta bakartu dituzten pertsonek errepresio handia eta giza babes gutxi jasotzen dute. Presoen jatorriak ere berdin dirau. «Justizia oinutsik doanaren oinak ziztatzen dituen sugea da», zioen Eduardo Galeanok. Hala izaten jarraitzen du; esklusio sozial eta ekonomikoan dauden pertsonek betetzen dituzte mundu osoko espetxeak.
Baina espetxean daudenen artean, proportzio txiki bat da emakumezkoek osatzen dutena. Espainiar estatuan, hain zuzen, %7,6 dira emakumezkoak, eta Frantses estatuan, %3,3. Horrek espetxealdiko baldintzak gogortzen dizkie emakume presoei. BERRIA egunkariak iazko udan argitaratutako erreportaje sorta batean irakurri ahal izan genuen moduan, espazio, ekintza, lan, ikasketa, osasun artatze... baldintza okerragoak dituzte, gutxiago izanik azkenerako uzten dituztelako beti. Elkarrizketatu ahal izan nuen preso politiko ohi batek esan zidan moduan, «las últimas monas» izan dira beti; soberakina, gizonezkoek nahi ez zutena... jasotzen dute.
Batek baina gehiagok pentsa lezake espetxe berri eta modernoetan emakume horien egoera hobetuko dela, baina ez da horrela inondik inora. Haiengan pentsatutako espaziorik ez da sortzen, eta, beraz, espetxe zaharragoetan atzemandako egoera berdinekin egiten dute topo. Horretaz gain, makro-espetxe berrietan espetxe-langileen lana automatizatzeko eta garitetan mantentzeko joera dago, tratu «humanoa» degradatuz eta bakartze sentsazioa areagotuz presoengan. Espetxe kanpotik etor daitezkeen elkarteen parte hartzea gero eta zailagoa bihurtzen dute, eta kartzelara sartzea lortzen duten horientzako izugarrizko lana dago; beraz, ezin guztiengana heldu. Segurtasuna areagotu, harreman pertsonalak ezabatu... bide horretan jotzen du espetxe sistemak kartzela berri horiekin, pertsona are bakartuago eta zigortuago mantentzeko. Espetxeetan lan egiten duen abokatu talde batek duela gutxi adierazi zuen moduan, Espainiar estatuko presoen erdiek ez lukete bertan egon beharko, eta, nire ustez, egun dagoen espetxe sistemak ere ez luke egon beharko. Beste modu, aukera, baldintza eta ereduak begiratzen hasi beharko genuke, egun ditugun pertsonentzako zulo horiek tamainan handitu eta beste aldera begiratzen jarraitu ordez.
Zulo handiagoak, besterik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu