Zor publikoaren erronka Grezian

2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Syrizaren egitarau ekonomikoaren barnean, Greziako ekonomiaren sakoneko arazoei aurre egiteko borondate politiko argia azpimarratu behar dela uste dugu. Horrek, berez, Europako klase politikoaren etengabeko gabezia izan den ekimen politikoa adierazten du behintzat. Eta, jakina, behar izanez gero, ekimen politikoa eta hiritar greziarren interes orokorren artean kokatzen diren oztopo politikoei aurre egiteko borondatea.

Zehazki, ondo baloratu behar da Grezian zor publikoak (BPGaren %175 2013an) adierazten duen arazoari aurre egiteko nahia.

Hala ere, zor publikoaren berregituraketa horrek ez du konpondu behar Greziaren epe laburreko arazo handirik. Alde batetik, Greziaren zor publikoa beste herrietan baino askoz epe luzeagoetara dagoelako hitzartuta. Beste aldetik, eurogunearen interes tasak zerotik hurbil egotearen ondorioz. Azken hori dela eta, zor publikoaren interesen ordainketak BPGaren %4 baino ez du eskatuko 2015ean. Europako herrialde periferiko gehienen azpitik (%3,25 Espainian).

Hala ere, nahiz eta batzuk esan Grezia ez dagoela benetan interesatua bere zor publikoaren berregituraketan, EKAI Centerren baietz uste dugu. Berregituraketa hori orain gauzatu behar da, egoera kritiko berri baten zain egon gabe. Eta, batez ere, interes tasak normalizatu baino lehen, normalizazio horrek egoera jasangaitz baten kokatuko bai lituzkeelako kontu publikoak.

Greziaren zorraren berregituratze horrek Europan izan behar dituen ondorioak nabariak dira. Alde batetik, finantza egoera zailen aurrean lehenago edo beranduago aurki daitezkeen beste herrietara zabaldu daitekeen kutsaduragatik. Bestetik, berregituratze horren ondorioz Grezia eurogunetik ateratzea ekar daitekeelako.

Berregituratze honen alderdirik negatiboenek 2010 eta 2012ren artean Euroguneak indarrean jarri zituen erreskate operazioetan dute jatorria. Erreskate horien ondorioz, gobernu europarrek —eta, beraz, haien hiritarrek— inbertsore pribatuak ordezkatu zituzten Greziaren zor publikoaren titular gisa. Gaur egun, Greziaren zor publikoaren ehuneko 17 baino ez dago inbertsore pribatuen eskuetan. Ehuneko 70 Europako gobernuen eskuetan dago —%62 euroguneko gobernuak eta %8 Europako Banku Zentralak— eta herrialde bakoitzeko BPGaren %1,5 eta %3ren artean kokatzen da. Horren ondorioz, berregituratze horren kaltetu zuzenak —tamalez— ez dira finantza sektoreko espekulatzaileak izango, europar hiritarrak baizik. Baina kalte horren erantzule, jakina, ez da Grezia, Europar Batasunaren krisiaren aurkako politika tamalgarrian etengabekoak izan diren banku handien aldeko opariak baizik. EKAI Centerrek behin eta berriz azpimarratu zuenez, Greziaren erreskatea ez zen izan Greziaren benetako erreskatea, Europako banku pribatu handien erreskatea baizik. Orduan, orain bezala, banku sektorearen berregituraketa zen eginbeharrekoa, eta ez zen egin. Berriz ere, hiritar guztiok eta Europako ekonomia, oro har, izango gara kaltetuak. Hainbat herrialdek (BRICSekoak batez ere) argi eta garbi salatu zuten moduan, 2010ean gertatu zena benetako eskandalua izan zen. Orain ordaintzen hasiko garen eskandalua.

Hala ere, Greziaren zorraren berregituratzeak banku pribatuak ere kaltetuko ditu, beste maila baten. Batez ere, Frantziako banku handiak. Eta hauxe da Syrizaren planteamenduan igartzen den beste hutsune bat. Zor publikoaren berregituraketa eta bankuen berregituraketa aldi berean planifikatu behar diren estrategien ondorio izan behar dira, eta modu paraleloan gauzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.